Itxi

EA Sports Liga

Athleticek galdu egin du Getaferen aurka, partida oso kaskarra eginda (0-1)

I. G. | EITB

Leer en Castellano

Mayoralek sartu du partidako gol bakarra, lehoien partida gris batean.

Nico Williams, Getaferen aurka. Argazkia: EFE.

Athleticek 0-1 galdu du Getaferen aurka larunbat honetan San Mamesen jokatu den EA Sports Ligako 10. jardunaldiko partida. Mayoralek sartu du partidako gol bakarra, lehoien partida gris batean.

Lehen zatian, talde zuri-gorria noraezean ibili da, oso gris eta joko onik gabe, eta Madrilgo taldeak estutasun handirik gabe kontrolatu du partida. Etxekoen arintasun faltak eta bisitarien sakontasun eskasak lehen zati tristea eta nabarmentzeko moduko aukerarik gabea utzi dute.

Azpimarragarriena Guruzetak 48. minutuan egindako jaurtiketa bat izan da, David Soriak urrundu duena. Gainera, Iñigo Lekuek zelaia utzi behar izan du, min hartuta, eta Jesus Aresok ordezkatu du.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Nico, Sancet eta Guruzetaren arteko jokaldi on bat aurrelariaren jaurtiketarekin amaitu da, baina baloia kanpora joan da. Hortik aurrera, partidak gidoi berari jarraitu dio, eta Getafe agintari jarri da berriro.

75. minutuan, Getafek baloia lapurtu du, eta kontraeraso ona burututa ireki du markagailua. Unai Simonek lehen errematea gelditu du, baina ezin izan du ezer egin Mayoralena gelditzeko, bakar-bakarrik zegoela egin baitu gola (0-1).

Athletic azken unera arte borrokatu da, baina ezin izan du ezer egin, eta porrotarekin itxi du ahazteko moduko urria.