Osasun txostena
Aymeric Laporte ere baja da Athleticeko defentsan Lekuerekin batera
EITB
Athleticek ezustean iragarri du erdiko atzelariaren baja, ezkerreko orkatilan bihurdura duela zehaztuta.
Lekue eta Laporte. Argazkiak: Efe.
Aymeric Laportek bihurdura du ezker orkatilako kanpoko lotailuetan, Athleticek igande honetan aditzera emandako mediku txostenaren arabera.
Erdiko atzelariaren lesioa ezusteko albistea izan da, atzo, San Mamesen Getaferen aurka jokatutako partida amaituta, ez baitzitzaion ez molestiarik ez bestelako keinurik antzeman.
Iñigo Lekueren kasua bestelakoa da. Hegalekoak min hartuta utzi zuen zelaia lehen zatian, eta Athleticek zabaldutako mediku txostenaren arabera, giharretako lesioa du eskuin hankako aduktore luzean.
Litekeena da Laporte eta Lekue baja izatea Athleticek larunbatean, 18:30ean, Anoetan, Realaren aurka jokatuko duen euskal derbiari begira, Txapeldunen Ligan lesionatu zen Iñaki Williams kapitainarekin batera.
Hala ere, klubak ez du bi jokalariek sendatzeko beharko duten denboraren inguruan ezer zehaztu, eta lesioen bilakaeraren zain daudela gaineratu du.
Hiru jokalari horiez gain, Ernesto Valverdek iraupen luzeko hiru baja ditu taldean: Yeray Alvarezena (UEFAk zigortuta dauka dopin kasu batengatik) eta Beñat Prados eta Unai Egiluzenak (belaunean lesio larria dute biek).