Itxi

Champions League

Athleticek San Mames eskaini du 2028an emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala hartzeko

Agentziak | EITB

Leer en Castellano

Bestalde, 2029ko gizonezkoen Txapeldunen Ligako finala Spotify Camp Noun jokatzea nahi du Bartzelonak. UEFAk 2026ko irailean iragarriko ditu finaletarako egoitzak.

2024an, San Mamesen jokatu zen emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala. Artxiboko argazkia: EFE

2028ko emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala San Mamesen jokatzeko aukera eskaini dio Athleticek UEFAri. 2024ko finala Katedralean jokatu zen, eta Bartzelonak 2-0 garaitu zuen Lyon orduan.

San Mamesekin batera, hautagai gehiago daude final hori hartzeko: Olympique Lyongo estadioa (Frantzia), Basileako St. Jakob Park estadioa (Suitza) eta Istanbulgo Ali Sami Yen estadioa (Turkia).

Bestalde, Bartzelonak 2029ko gizonezkoen Txapeldunen Ligako finala Spotify Camp Noun jokatzea proposatu du. Estadioa berritzen ari dira oraindik, baina lanak bukatuta egongo dira ordurako, eta 105.000 ikusle hartzeko ahalmena izango du. Camp Nou zaharrean jokatu ziren 1989ko eta 1999ko Europako Kopako finalak.

2029ko gizonezkoen finalari dagokionez, Londresko Wembley estadioak (Ingalaterra) ere aurkeztu du hautagaitza, eta Spotify Camp Nourekin arituko da lehian.

UEFAko Batzorde Exekutiboak 2026ko irailean erabakiko du 2028ko eta 2029ko finalak (gizonezkoen Txapeldunen Liga, Europa Liga eta Conference Liga, eta emakumezkoen Txapeldunen Liga) non jokatuko diren. Hautagaiek 2026ko ekainera arteko epea dute aurkeztu beharreko dokumentu guztiak bidaltzeko.