TXAPELDUNEN LIGA
Nico, Sancet eta Yuri ere baja izango dira, eta Athletic justu dabil Newcastleri aurre egiteko
EITB
Athletic Clubek Txapeldunen Ligako konpromisoari aurre egingo dio Newcastle Uniteden aurka. Ezagunak diren baja ugariei Nico Williams, Oihan Sancet eta Yuri Berchiche ere gehitu behar zaizkie, Ernesto Valverderen eskeman funtsezkoak diren hiru pieza.
Yuri Berchiche. Irudia: Europa Press
Talde zuri-gorriak jakinarazi duenez, Nico Williams ez da Ingalaterrarako espedizioko kide izango, denboraldi hasieratik duen pubalgia dela eta, nahiz eta gaur goizean taldearekin entrenatu den, Lezaman. Bestalde, Yuri Berchichek gainkarga du eskuin hankako trizeps sionalean, eta Oihan Sancetek lesio arin-moderatua du ezker bizeps femoralean. Bietako inork ez du astearte honetako entrenamenduan parte hartu.
Hiru baja horiekin, Athleticek bederatzi hutsune pilatu ditu guztira. Aipatutakoez gain, Iñaki Williams eta Maroan Sannadi lesionatuta daude, eta Urko Izetak ere ezin izango du jokatu. Beñat Prados eta Unai Egiluz, iraupen luzeko lesionatuak, eta Yeray Álvarez, UEFAk zigortu du dopin kasu bat dela eta.
Datu positibo bakarra Iñigo Lekueren errekuperazioa da, deialdira itzuli baita bere arazo fisikoak gainditu eta Ligako zigorra pasa ondoren.
Taldea osatzeko, bigarren taldeko hainbat jokalarirengana jo du entrenatzaile zuri-gorriak. Deialdian sartu dira Mikel Santos (atezaina), Ander Izagirre (atzelaria), Selton Suez eta Ibon Sanchez (erdilariak) eta Asier Hierro (aurrelaria).
Deialdian 23 jokalari daude: Unai Simon, Areso, Paredes, Laporte, Adama, Jauregizar, Rego, Berenguer, Unai Gómez, Robert Navarro, Guruzeta, Padilla, Santos, Gorosabel, Vivian, Lekue, Galarreta, Vesga, Nico Serrano, Izagirre, Selton, Ibon Sánchez eta Hierro.