EA SPORTS LIGA
Athleticek ez du zapuztu Barçaren itzulera Spotify Camp Noura (4-0)
G. P. A. | EITB
Hansi Flicken taldea nagusi izan da, eta Athleticek ez du esperotako maila eman. Lewandowski, Fermin eta Ferran Torres (2) izan dira golegileak. Bigarren zatian, epaileak Oihan Sancet kanporatu du, Fermini falta gogorra egin eta gero.
Ferran Torresek bi gol sartu ditu. Argazkia: EFE
Athleticek 4-0 galdu du Bartzelonan. Talde zuri-gorriak garaipena zuen helburu, eta, bide batez, Barçari Spotify Camp Nou estadiorako itzulera zapuztea. Alabaina, ez da halakorik gertatu.
Alderantziz, Ernesto Valverderen taldeak ez du maila ona eman, eta Bartzelona askoz oldarkorrago aritu da. Gainera, bigarren zatian, epaileak txartel gorria erakutsi dio Oihan Sanceti, ostikada izugarria eman diolako Fermini, atzetik, baloia jokatzeko inolako asmorik gabe. Ordurako zuri-gorriak 3-0 zihoazen galtzen, baina jokaldi horren ondotik miraria lortzeko inolako aukerarik gabe geratu dira.
Bartzelona oso ondo hasi da, eta Athletici, berriz, asko kostatu zaio partidan sartzea. Horrela, Hansi Flicken taldea 4. minuturako ipini da aurretik markagailuan, Lewandowskik sartutako golari esker.
Egiari zor, zuri-gorriek huts egin dute baloia atzealdetik ateratzerakoan, eta Unai Simon ez da fin ibili aurrelari poloniarraren jaurtiketa gelditzeko saiakeran.
Bartzelonak erraz mugitu du baloia alde batetik bestera, eta arrisku handiarekin heldu da Athleticen area ingurura. Halako batean, Ferran Torresek bigarrena sartu du, baina Jose Sanchez Martinez epaileak jokaldia baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo zegoelako.
Lehen zatiaren azken txanpan, Valverderen mutilek aurrerapausoa eman dute, eta hobeto aritu dira, zenbait gol aukera sortzeraino. Zuri-gorriek, baina, ez dituzte euren aukerak baliatu, eta Barçak bigarren kolpea eman dio atsedenaldia heldu baino lehen.
Trantsizio azkar batean, Lamine Yamalek pase luze bikaina eman dio Ferran Torresi, eta honek baloia sarera bidali du. Unai Simonek gelditzeko moduko jaurtiketa zen, baina oraingoan ere egin du huts, eta lehoiak 2-0ekoarekin joan dira aldagelara.
Bigarren zatia ere indarrean hasi du Bartzelonak, presio handia eginez, eta laster sartu du hirugarrena Ferminek. Beste behin, defentsa zuri-gorria ahul ibili da.
Partidako hurrengo jokaldi erabakigarria 53. minutuan izan da. Oihan Sancetek ostikada beldurgarria jo dio Fermini belaunean, eta epaileak txartel horia atera dio. Alabaina, falta VARean berrikusi ostean, epaileak bere erabakia zuzendu du eta txartel gorria erakutsi dio.
Jokalari nafarraren arduragabekeria horren ondorioz, Athletic jokalari bat gutxiagorekin eta emaitza iraultzeko aukerarik gabe gelditu da.
Ondorengo minutuetan, Hansi Flicken taldeak oso eroso jokatu du eta arrisku handia sortu du, batez ere Lamine Yamalen eta Ferran Torresen eskutik. Hain justu ere, azken horrek sartu du etxekoen azkena, markagailuan 4-0ekoa jarri duena.
Laburbilduz, Athleticek ez du ohiko maila eman, akatsak egin ditu defentsan, eta erasoan ez ditu bere aukera bakanak aprobetxatu. Horrela, bada, gonbidatu bat gehiago izan da Spotify Camp Nouko festan.