Ultimatuma
Urrutia: 'Amorebietari azken eskaintza egin diogu'
Erredakzioa
Marcelo Bielsa entrenatzailearekin duen "harremana ona eta hurbila" dela adierazi du Athleticeko presidenteak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fernando Amorebietaren kontratua denboraldi amaieran bertan behera geratuko da eta atzelari zuri-gorriak oraindik ez du hitzarmena berritu. Zentzu horretan, klubak "azken eskaintza" egin diola ziurtatu du gaur Josu Urrutia Athleticeko presidenteak. Erantzunik ez dutela jaso erantsi du agintariak.
Era berean, Marcelo Bielsa entrenatzailearekin duen "harremana ona eta hurbila" dela adierazi du Athleticeko presidenteak.
Athletic egiten ari den denboraldiarekin "desengainua" hartzen ari dela aitortu du Urrutiak; izan ere, Europa Ligan eta Errege Kopan berehala kale egin dute zuri-gorriek. Hala ere, Aymeric Laporte lehen taldera heldu izanarekin pozik agertu da.
Llorente auzia
Bestalde, Fernando Llorentek denboraldia bukatu arte Athleticen jarraituko duela esan du Urrutiak, "Athletic lehiakorragoa egiten duelako".
"Erabakia hartuta dago eta une honetan mantentzen dugu. Llorente jokalari garrantzitsua da eta berarekin taldea lehiakorragoa da", adierazi du Urrutiak prentsaurrekoan, Ibaigane Jauregian.
Baikortasuna
Etorkizunera begira Urrutia "baikor" azaldu da. Hala ere, baikortasun hori iaz emandako mailarekin lotu du.
Azkenik, iragan denboraldiaren amaieran jokalariek Bilbon bilera egin zutela dioten zurrumurruak gezurtatu ditu presidente zuri-gorriak. Zurrumurruen arabera, Marcelo Bielsa ez jarraitzea nahi zuten jokalariek, baina Urrutiak dena ukatu du eta 2012 urteko balantze "positiboa" egin du.