3-1
Urte berria, baina akats berdinak
Erredakzioa
Adurizek sartu du 0-1ekoa seigarren minutuan, baina Levantek buelta eman dio emaitzari atsedenaldira iritsi orduko. Laportek txartel gorria ikusi du 43. minutuan.
Athleticek lehengo lepotik buru jarraitzen du. Urte berria gaikzi hasi du talde zuri-gorriak Levanteren aurka 3-1 galduta, eta irudi oso kaskarra azalduta.
Partidari ondo ekin zion Athleticek. Baloiaren jabe egin ziren zuri-gorriak, eta Levante atzealdean sartuta izan zuten. Ondorioz, Athleticek saria jaso zuen seigarren minutuan. Adurizek sartu zuen 0-1ekoa Susaetaren erdiraketa baliatuta. Gola hartuta, Levanteren erantzuna etorri zen. El Zharren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zen, eta jarraian, Iraizozek erantzun bikaina eman zion El Zharren beste erremate bati. Abagune argia huts egin zuen Levanteko jokalariak.
Levante erasokor ari zen, eta Athletic erlaxatuegi zebilen gola sartu zuenetik. Hogeita seigarren minutuan Levanteren ekinak saria jaso zuen. Ibaik egindako huts baten ondorioz, Lellek baloia jaso zuen, eta bere jaurtiketa sare barrura bidali zuen (1-1). Iraizozen laguntza ere izan zuen Lellek gola sartzeko, atezaina makurtu egin baitzen aurkariaren jaurtiketaren aurrean. Levanteri indarra eman zion golak, eta arazoak sortu zizkion Athletici. Defentsan opari asko egin zituen Athleticek, eta halako oparietako baten Laportek txartel gorria ikusi zuen. Merezitako txartel gorria ikusi zuen Athleticeko erdiko defentsa gazteak, falta egin zuenean azken defentsa baitzen. Zuri-gorriak hamar jokalarirekin geratu ziren, eta ez ziren berdinketari eusteko gai izan. Levantek atsedenaldira iritsi aurretik sartu zuen bigarren gola. Athleticek beste akats larri bat egin zuen defentsan, eta Iborrak ez zuen zuri-gorrien defentsak eta Iraizoz atezainak egindako oparia alferrik galdu. Levanteren aldeko 2-1eko emaitzarekin iritsi zen partida atsedenaldira.
Bigarren zatiak joan etorri ugari izan zituen. Athleticek beste itxura bat eman zuen hasierako minutuetan, eta berdinketa lortzeko abagune argiak ere izan zituen. Adurizek sortu zituen berdinketa lortzeko bi abagune garbi, baina Munuak erantzun bikaina eman zien Adurizek egindako bi erremateei.
Athletic berdinketaren bila ari zen, eta zuri-gorrien unerik onenetan, Levantek sartu zuen partida erabakita utzi zuen hirugarren gola. El Zharrek egin zuen 3-1ekoa, 69. minutuan.
Valentziako taldearen azken eta hirugarren gol horrek erabakita utzi zuen partida. Athleticeko jokalariek etsi egin zuten hirugarren gola hartuta, eta porrota jaso zuten Levanteren aurka (3-1).
Fitxa teknikoa:
3 - Levante: Munua, Lell, Ballesteros, David Navarro, Juanfran (Nikos, 68. min), Diop, Iborra (Juanlu, 83. min), El Zhar, Michel, Ruben eta Roger (Angel, 72. min).
1 - Athletic Club: Iraizoz, Iraola, Ekiza, Laporte, De Marcos, Gurpegui, Herrera, Susaeta, Muniain (Amorebieta, 45. min), Ibai (Igor Martinez, 64. min) eta Aduriz (Llorente, 76. min).
Golak: 0-1, 6. min: Aduriz. 1-1, 26. min: Lell. 2-1, 45. min: Iborra. 3-1, 69. min: El Zhar.
Epailea: Paradas Romero.