Itxi

Adierazpenak

Clemente: 'Mutilak txapeldunak izan balira, ez zuten alde egingo'

Erredakzioa

Athleticeko entrenatzaile ohiaren hitzetan, Javi Martinezek eta Fernando Llorentek Athleticen jarraituko zuten, zuri-gorriz jantzita tituluren bat irabazi izan balute.

Javier Clemente. Argazkia: EITB

"Jokalari hauek txapeldun izan balira, seguru aski ez zuten alde egingo; Athleticen beti izan da horrela, Athletic txapeldun zelako", adierazi du Javier Clemente Athleticeko entrenatzaile ohiak. Fernando Llorenteren eta Javi Martinezen auziak izan ditu mintzagai jokalari eta entrenatzaile zuri-gorri ohiak.

Gainera, "orain Athleticen ia bizkaitarrik ez" dagoela esan du Clementek. Barakaldoko entrenatzailearen ahotan, jokalari bizkaitarrak "sentimendu ezberdina" du, nafar batekin alderatuta. "Leialtasun plus bat du", erantsi du '60 Minutos' ETB-2ko saioan.

Bestalde, "gazteek Athletic txapeldun bat ez ikustea tristetzat" jo du Clementek. "Oso zaila da, baina lortzeko behetik lan egin behar da", azaldu du.

Duela hamar urte bere burua Bilbao Athletic entrenatzeko eskaini zuela adierazi du Clementek, baina "ez zuten nahi izan". Barakaldokoaren hitzetan, "duela hamar urte harrobitik ez zen jokalaririk ateratzen". Geroago Lezama zuzendu nahi izan zuela azaldu du: "Lezama hiru edo lau aldiz zuzendu nahi izan dut, baina hori ere ez", esan du.