2-2
Sufritutako puntua lortu du Athleticek Pucelan
Erredakzioa
2-0eko markagailuari buelta eman behar izan dio talde zuri-gorriak, eta puntu bat eskuratu du Oscar de Marcosen eta Markel Susaetaren golekin.
Athleticek puntu bat eskuratu du Valladoliden aurka bina berdinduta. Gol aukera ugariko neurketa izan da eta partida orekatuta izan da. Athleticen, De Marcos eta Susaeta izan dira golegileak.
Lehen zatiko 15. minuturako 2-0eko emaitzarekin markagailuan atzetik zen talde zuri-gorria. Etxekoek bisitarien hasiera ahula baliatu dute garrantzi handiko errenta lortzeko.
Javi Guerrak estreinatu du markagailua 2. minutuan Rukavinaren erdiraketa buruz errematatuta, eta 15.ean Buenori Iraizozen aldaratzea heldu zaio eta Valladoliden bigarrena egin du. Buenok gola sartu baino minutu bat lehenago zutoinera bidali du baloia Adurizek.
Baina 21. minutuan markagailuan hurbildu da Bielsaren taldeak Oscar de Marcosek egindako golari esker. Erdiraketa Susaetarena izan da eskuinetik. Golak mina egin dio Djukicen taldeari, eta Athletici, ordea, konfiantza eman dio. Atsedenaldira heldu aurretik, berdinketaren bila aritu dira Bielsarenak, baina ez dute lortu.
Bigarren zatia hasi bezain laster berdindu du partida Athleticek. Korner batean, ezin izan du Adurizek ondo errematatu, baina baloia Susaetak hartu du eta bilbotarren bigarrena sartu du (2-2).
Abagune gehiago egon dira, baina jokalariak ez dira sarea berriro zulatzeko gai izan. Athleticen Aurtenetxerentzat izan da garbiena, baina Dani Hernandez atezainaren geldiketak erabakigarriak izan dira. Azkenean, puntu banaketa.
Fitxa teknikoa:
2 - Real Valladolid: Dani Hernandez; Rukavina, Sereno, Valiente (Rueda, 37'), Peña; Larsson (Omar, 67'), Sastre, Rubio, Bueno; Oscar eta Javi Guerra (Manucho, 83').
2 - Athletic: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, Laporte, Aurtenetxe; San Jose, De Marcos, Herrera; Susaeta, Aduriz eta Muniain (Ibai, 46').
Golak:
1-0: 7', Guerra.
1-1: 15', Bueno.
2-1: 21' De Marcos.
2-2: 49', Susaeta.