Itxi

Kritikak jaso ditu

Aduriz: 'Ukondakada ez nion nahita eman Marc Valienteri'

Erredakzioa

Partida amaieran barkamena eskatu zuela gogoratu du Athleticeko jokalariak, eta esan den guztiagatik txarto pasatu duela adierazi du.

Aritz Aduriz Athleticek Lezaman egin duen entrenamenduan. Argazkia: EFE

Aritz Aduriz protagonista izan da aste honetan Valladoliden aurkako partidan Marc Valienteri eman zion ukondokadagatik. "Nahi gabe" eman ziola gogoratu du Athleticeko aurrelariak.

"Ez naiz epailearen erabakia eztabaidatzen hasiko, baina Marc Valienteri ukondokada nahita eman niola esaten dutenek, ez dute arrazoirik, erratuta daude. Ez da aste erraza izan niretzat. Asko sentitzen dut Marci pasatu zaiona, eta ahalik azkarren osatzea espero dut", esan du Adurizek.

Athleticeko aurrelariak "kontzientzia garbi" duela adierazi du. Valladolideko jokalaria izandakoa da Aduriz, eta ondorioz, han beragatik esan den guztia mingarriagoa da: "Min egingo zidakeen edozein lekutan nigatik horrelako gauzak esateak, baina Valladoliden jende askoren maitasuna izan dut, eta horregatik min handiagoa ematen dit".

Athleticek Espanyolen aurka jokatuko du igandean San Mamesen. Talde katalanaren inguruan, honakoa adierazi du Adurizek: "Espanyol bolada onean dator. Entrenatzailea aldatu dutenetik asko aldatu da taldea, eta garaipena lortu ahal izateko lana gogotik egin beharko dugu".

Llorenteren egoeraz ere galdetu diote Adurizi: "Futbolaz soilik hitz egin nahi dugu. Ez dakit gai hau amaituko den edo ez, baina futbolean jokatzean besterik ez dugu pentsatu behar; bai guk, bai klubak, eta Llorentek berak ere. Athletic ahalik eta ondoen egotea da garrantzitsuena", erantzun du aurrelari zuri-gorriak.

Albisteak (3)