Athletic-Espanyol (0-4)
Espanyolek Athletici jipoi galanta eman dio San Mamesen
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak 20 minutu ondo jokatu ditu, baina Espanyolen aurreneko golaren ostean desagertu da. Defentsan egindako hanka-sartzeek eta Iraizozen hutsegiteek Athletic zigortu dute.
Espanyolek Athletic jipoitu du San Mamesen (0-4). Talde bilbotarra atzealdean oso ahul azaldu da eta Iraizozen hanka-sartzeek Athletic kaskar bat zigortu dute. Bizkaitarrek 20 minutu ondo jokatu dituzte, baina Espanyolen lehen golak akabatu ditu.
Athleticek ez du ondo jarrita hasi norgehiagoka, eta Espanyolek arriskua sortu du aurreneko minutuetan. Iraizozek baloi bat gaizki kontrolatu du eta Kataluniako taldea hanka-sartzea aprobetxatzeko zorian izan da.
Aurreneko minutuetan zalantza nagusitu da San Mamesen, baina taldea kokatu eta lanean hasi da. Ander Herrera zelai erdian agintzen hasi da eta bilbotarrek abagune batzuk sortu dituzte. Hala ere, ez dute asmatu, eta gero ordaindu egin dute.
Susaetak gola sartzeko aukerak izan ditu, baina batzutan Casillaren geldiketek eta bestetan eibartarraren hutsegiteek gola saihestu dute. Athleticek gola merezi zuen, baina Espanyolek aurreneko kolpea eman du.
San Josek falta zentzugabea egin du area alboan, Simaok baloia area barruan kokatu eta Hector Morenok baloia sareetan kokatu du. Iraizozek irteeran kale egin du berriro eta errematea are txikiaren barruan egin du Morenok.
Golaren ostean talde bizkaitarra saiatu da, baina Espanyolen gola baino lehen azaldutako jokorik gabe.
Atsedenaldiaren ostean Athletic sakatzen saiatu da, baina ideia argirik gabe. Zortzigarren minutuan Aguirrek Victor Alvarez Simaoren ordez berdeguneratu du eta aldaketa erabakigarria suertatu da.
Espanyolen harrobiko jokalaria protagonista bilakatu da; izan ere, bi pase eman ditu eta Victor Sanchezek eta Stuanik bi gol sartu dituzte bi minutu eskasean. Gainera, bi jokaldietan aurrelari kataluniarrek atzelari zuri-gorrien eta Gorka Iraizoz atezainaren laguntza izan dute. Bi golek partida erabakita utzi dute.
Talde zuri-gorriak hondoa jo du eta Victor Alvarezi penaltia egin dio Laportek. Verduk penaltia jaurti du eta Iraizozek geratu egin dio, baina aldaratzea Espanyoleko erdilariaren oinetan geratu da eta Verduk ez du barkatu.
Fitxa teknikoa:
0.- Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Laporte, Aurtenetxe (Toquero, 59. minutua); Iturraspe, De Marcos, Herrera; Susaeta, Aduriz eta Muniain (Ibai Gomez, 23. minutua; Igor Martinez, 53. minutua).
4.- Espanyol: Kiko Casilla; Javi Lopez (Mattioni, 68. minutua), Colotto, Hector Moreno, Capdevila; Victor Sanchez, Forlin; Stuani, Verdu (Cristian Alfonso, 81. minutua), Simao (Victor Alvarez, 53. minutua); eta Sergio Garcia.
Golak: 0-1, 28. minutua: Hector Moreno. 0-2, 57. minutua: Victor Sanchez. 0-3, 58. minutua: Stuani. 0-4, 74. minutua: Verdu.