Itxi

Bi urte 'zoro'

Bielsaren aroa bukatu da: argentinarraren 10 esaldi adierazgarri

L.E.

Argentinarra izanda, Bielsa ez da hitz gutxiko gizona ezta inola ere. Futbola aztertu eta ulertzeko duen maisutasuna, hitzen erabileran ere agertzen du. Bilboko egonaldia ez da salbuespena izan.

Marcelo Bielsa. Argazkia: EFE

Marcelo Bielsak futbola arnastu egiten du, eguneko 24 orduetan bizi du kirola, etenik gabe. Futbola etengabe ikasten duen ‘zoro’ horietakoa da argentinarra, eta bere hitzek kirol horretaz duen ikuspegi pertsonala adierazten dute. Hitzen bidez irudikatzen du futbolaz duen ideia, inor axolagabe utzi barik. "Nahiago dut ezezaguna izatea, jendeak nire irudi okerra izatea baino", esan zuen behin.

Athleticen aulkian eseri den bi urteetan, hainbat alditan izan da mikrofonoen aurrean. Ordu eta momentu asko, bere hitz jarioari aukera emateko. Astuna eta motela batzuetan; zuzena eta zorrotza besteetan. Bi urte hauetan esandako esaldi esanguratsuenen artean 10 aukeratu ditugu, Bilbon emandako denbora hobeen azaltzen dutenak:


1."Ez genuen arrakasta kudeatzen jakin, baina ezbeharrari ondo egin diogu aurre". (2013ko maiatzaren 30ean, Athleticen egondako bi denboraldien balantzea egiterakoan).

2."Emazteak euskal herritarra izan nahi zuela esan zidan. Eta nik esan nion, euskal herritarra? Nik ez dut nahi zu euskal herritarra izaterik, zergatik esaten duzu hori? Eta berak esan zidan: Euskal herritarrak ez dira aho handiak; ez da gutxi hitz egiten dutela, asko hitz egiten dute, baina ez dute ezorduko gauzarik esaten". (2013ko maiatzaren 30ean).

3."Athleticetik alde egiten duen edozein galtzaile ateratzen da (…) Nik diru kopuru lizuna irabazten dut hemen, baina entrenatzaile bat klub honetara lotzen duena ez da dirua, ezta etorkizuneko aukerak ere". (2013ko maiatzaren 17an, Athleticen jarraituko zuen ala ez galdetuta).

4."Athleticen dimentsioa nirea baino askoz ere handiagoa dela sentitzen dut. Kluba entrenatzailea baino askoz ere garrantzitsuagoa da". (2013ko maiatzaren 17an).

5."Arkitekturak ez du futbol zelai bat historiko egiten, bertan gertatzen denak baizik. San Mamesek beti daki taldea noiz dabilen makal, eta orduan eskua luzatzen dizu beti, ito ez zaitezen". (2013ko maiatzaren 24an, San Mamesen agurrari buruz)

6."Nire erantzuna neurrigabea izan zen, basatien antzera aritu nintzen. Gertatutakoaren ardura osoa nire gain hartzen dut, baina Lezamako lanak iruzurra eta lapurreta direla pentsatzen jarraitzen dut". (2012ko uztailaren 5ean, Lezamako lanetako arduradunaren izandako gatazkaren ostean).

7."Kazetaritzaz eta kazetariez oso uste txarra daukat. Baina, egon lasai: entrenatzaileez dudan ustea are txarragoa da". (2012ko uztailaren 5ean).

8."Ezin dugu herri oso bat atsekabetu, gainera herri hau hain da sineskorra, hain da sineskorra, 3 eta 0 galtzen joanda eta zauria odoletan duela ere zuek 80. minutuan egindako jokalditxo bat ere txalotu egiten duela. Herri aparta da hau, mutilak, hain da aparta… eta zuek herri horren semeak zarete". (2012ko maiatzaren 26an, jokalariei Europa Liga eta Errege Kopa galdu ostean emandako hitzaldian).

9."Nik ez diot inori ezer erreklamatu behar, baina zuen hobe beharrez, zuen etorkizunaren hobe beharrez,  honako hau esan beharrean nago: herri oso bat atsekabetu duzue, horrelakorik merezi ez duen herria, eta atsekabe hori saihesteko ez da nahitaezkoa irabazle ateratzea". (2012ko maiatzaren 26an).

10."Ez ahaztu oso gazteak zaretela, oso gazteak; dirudun goiztiarrak zarete, ez duzue arazorik, ez duzue etorkizunaz kezkatu beharrik dena konponduta duzuelako. Eta (finala galdu eta) barre egiten duzue…" (2012ko maiatzaren 26an).

Albisteak (2)