Ostiralean, 22:00etan
Athleticek eta Osasunak ezohiko partida jokatuko dute, Anoetan
Erredakzioa
Anoeta izango da Bilboko klubaren etxea, eta zale zuri-gorriek Donostiako estadioko harmailak beteko dituzte. Gorritxoek baja garrantzitsu ugari dituzte.
Athleticek Anoeta estadioan hartuko du Osasuna, ostiralean, 22:00etan. San Mames estadio berria ez dago oraindik prest, eta zuri-gorriek Donostiako estadioan jokatuko dute. Estadio berria Celtaren kontrako norgehiagokarako prest egotea espero da, irailean.
Ernesto Valverderen taldeak lasaitasunez hartuko du neurketa, Ligako aurreneko partida Valladoliden aurka irabazi ondoren. Athleticek alde batera utzi ditu denboraldi-aurreko zalantza guztiak, eta taldeak konfiantzarekin dagoela argi utzi du.
Gorka Iraizoz eta Borja Ekiza lesionatuta daude, eta Valverdek bi aldaketa egin beharko ditu bai ala bai. Iago Herrerinek debuta egiteko aukera izan dezake ate azpian, eta Ekizaren tokia Aymeric Laportek hartuko du, defentsan. Gainera, Aritz Adurizek Kike Solaren tokia hartu lezake, erasoan.
Osasunak baja garrantzitsu ugari ditu, eta Jose Luis Mendilibar teknikariak aldaketa ugari egin beharko ditu. Granadaren aurka porrot mingarria jaso ondoren, gorritxoek suspertzeko aukera izango dute.
Iruñeko taldeak sei baja ditu. Miguel Flaño, Eneko Satrustegui, Lolo, Nino, Cejudo eta De las Cuevaslesionatuta daude, eta Mendilibarrek prest dituen jokalari guztiak (18) eramango ditu Anoetara.
Ustezko hamaikakoak:
Athletic: Herrerin; Iraola, Gurpegui, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Beñat, Herrera; Susaeta, Aduriz eta Muniain.
Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Loties, Arribas, Joan Oriol; Puñal, Silva; Armenteros, Oriol Riera, Sisi; eta Ariel Núñez.