Euskal derbia
Athleticek garaipen erraza lortu du Anoetako erbestean
Erredakzioa
Arribas, bere atean, eta De Marcos izan dira Anoetan jokatu den euskal derbiko golegileak.
Bilboko Aste Nagusiko egun handian Anoetara joan diren 20.000 zaleek derbi politaz disfrutatzeko aukera izan dute. Alejandro Arribas, bere atean, lehen zatian, eta Oscar de Marcos, bigarren zatian, izan dira Anoetako markagailua mugiarazi duten jokalariak.
Osasunak hobeto hasi eta bukatu du lehen zatia, baina bitartean, eta, batez ere, bigarren zatian, amore eman du. Momentu horretan, talde zuri-gorriak Andres Fernandezen atera hurbiltzeko aprobetxatu du. Gorritxoak BBVA Ligako lehen jardunaldian baino freskoago egon dira, baina oraindik urduritasuna sumatzen zaie.
Athleticek joko dinamikoa erakutsi du. Valverdek gidatutako jokalariek atea hutsean mantentzea lortu dute, batez ere, Herrerin atezainak bere lehen neurketan egindako lan bikainari esker.
Adurizek, neurketako lehen minutuetan, markagailua martxan jartzeko aukera izan du, baina Andresek eragotzi egin dio, eta baloia zutoinean bukatu da. Armenteros, bere aldetik, olinpiar gol bat egitetik gertu egon da, 20. minutuan.
Athleticek bere arriskuaren berri eman dio Osasunari baten baino gehiagotan. 30. minutuan gorritxoen atzelariak nahastu egin dira, eta Susaeta eta Adurizen arteko erdiratze batean Arribasek baloia ate barruan sartu du.
Bigarren zatian, Valverderen taldea garaipenaren bila irten da. Susaetak bigarrena izan du bere oinetan 60. minutuan. Herrerin, bere aldetik, gogor aritu behar izan da Osasunaren gerturatzeak zapuzteko. Roberto Torresek berdinketa egiteko aukera izan du, baina azkenean Oscar de Marcosek sartu du Athleticen bigarren gola, Aritz Adurizen pase baten ostean.
Fitxa teknikoa
2- Athletic: Herrerin; Iraola, Gurpegi, Laporte, Saborit; Iturraspe, Beñat, Herrera (De Marcos, 62. min.), Susaeta (Eric Moran, 74. min.); Aduriz eta Muniain (Ibai, 68. min).
0- Osasuna: Andres; Marc Bertran (Oier, 61. min.), Loties, Arribas, Oriol; Sisi (Omwu, 81. min.), Puñal, Silva; Ariel Nuñez (Roberto Torres, 65. min.); Armenteros eta Riera.
Epailea: Muñiz Fernandez (Asturias). Txartel horia erakutsi die Riera, Bertran, Laporte eta Ander Herrerari.
Golak: 1-0, 30. minutuan: Arribas (bere atean). 2-0, 81. minutuan: Oscar de Marcos.
Gertakariak: 20.000 zale egon dira Anoetan. Euria egin du eta berdegunea oso arina izan da.