Prentsaurrekoa
Herrera: 'Ez nuen Manchester Unitedekin inolako akordiorik lortu'
Erredakzioa
Athleticeko jokalariak argi utzi du ez zuela Ingalaterrako taldearekin inolako akordiorik lortu, eta Bilbon 'oso pozik' dagoela esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ander Herrera Athleticeko jokalariak argi eta garbi utzi du ez zuela Manchester United taldearekin inolako akordiorik lortu. Erdilariak ez zuela Ingalaterrako taldearekin hitz egin, eta LFPra joan ziren gizonak ez zirela bere abokatuak ere esan du.
Bilbotarrak Athleticek oso gustura dagoela adierazi du. Gainera Herrerak argi utzi du klubari ez diola ezer eskatu. Bizkaiko taldearekin konpromiso osoa duela esan du erdilari zuri-gorriak.
Lezaman prentsaurrekoa eskaintzea erabaki du Herrerak berak, gauzak behar bezala azaltzeko. Ingalaterrako taldeak Athletici eskaintza egin zion, baina Manchester Unitedek ez zuen Herrerarekin aurretik hitz egin. Horregatik, akordioa lortu zuela "guztiz faltsua" dela azpimarratu du Ander Herrerak.
"Manchester Unitedek argi zuen nirekin hitz egiteko etete klausula ordaindu behar zuela, eta ez da gertatu", azaldu du Athleticeko erdilariak.
"Klubak ondo jokatu dudala baiezta dezake. Athletici ez diot ezer eskatu, eta nire jokabidearekin gustura nago", esan du Herrerak.
"Unitedek eskaintza bat egitea harrotzekoa da, baina Athleticen oso pozik nago. Talde ezberdina eta berezia dela ulertzen dut, baina ni fitxatzeko lehenengo etete klausula ordaindu beharko lukete, eta ondoren, nirekin hitz egin", adierazi du bilbotarrak.
Ander Herrerak ez zela "manipulatuta" sentitu onartu du, Manchester Unitedek azken orduan Marouane Fellaini fitxatu ondoren.
Astelehenean ez zuela mediku-azterketarik egin ere adierazi du, eguna oso lasai igaro baitzuen Bilbon.
LFPn ez zela bere ordezkaririk egon argi utzi nahi izan du: "Manchester Unitedekoak baziren edo ez, haiei galdetu. Ez ziren nire ordezkariak, eta ez dakit nortzuk diren", esan du Ander Herrerak.
"Athletic honetatik ere ondo irtengo dela uste dut, argi utzi duelako bere hitzari eusten dion kluba dela. Aurrekariak ikusita klubak ez duela negoziatzen badakigu", azaldu du erdilariak.