2-0
Athleticek merezitako porrota jaso du Calderonen
Erredakzioa
Bizkaiko taldeak 2-0 galdu du Atletico Madrilen aurka, eta irudi kaskarra eman du. Valverdek zuzentzen duen taldeak erraztasun gehiegi eman ditu defentsan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek merezitako porrota jaso du Atletico Madrilen aurka (2-0). Talde koltxoneroak indartsu eta partidarik galdu gabe jarraitzen du bere zelaian.
Norgehiagokako lehen minutuak parekatuak izan dira, baina 15. minututik aurrera Atletico Madril izan da nagusi. Athleticek ezer gutxi egin du lehen zatian. Valverdek zuzentzen duen taldeak izan duen abagune bakarra 3. minutuan izan du, eta Balenziagaren jaurtiketa indarge kanpora joan da. Pixkanaka, Atletico Madril abaguneak sortzen hasi da. Diego Costak kale egin du Iraizozen aurrean 18. minutuan, eta 26.ean Athleticek atezainak koltxoneroen gola eragotzi du Villaren erremateari erantzun bikaina eman ostean. Atletico Madril golaren bila ibili da, eta saria jaso du 32. minutuan. David Villak baloia area barruan hartu, eta boleaz 1-0ekoa sartu du.
Gola hartu ostean, Athletic ez du hobetu. Valverdek zuzentzen duen taldea ezinean ibili da, eta Atletico Madrilek ez du aukera alferrik galdu atsedenaldia baino lehen bigarren gola sartzeko. Talde bizkaitarreko defentsa lerroak bidea utzi dio Diego Costari, eta aurrelariak 2-0ekoa egin du. Gianera, lehen zatia amaitu aurretik Balenziagak min hartu du, eta Valverdek Eric Moran zelairatu du. San Jose pasa da erdiko defentsako postura eta Laporte kokatu da ezker hegalean. Partida, 2-0eko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatia oso kaskarra izan da. Atletico Madril eroso egon da 2-0ekoarekin, Athleticek minik ez diola egiten ikusita. Koltxoneroek aldea handitzeko abaguneak sortu dituzte bigarren zatiaren hasieran, baina Iraizozek eta punteria faltak. Hirugarren gola ez sartzea eragin dute.
Talde bizkaitarra ezinean ibili da bigarren zati osoan, eta 78. minutuan hamar jokalarirekin geratu da Erik Moranek egindako umekeriagatik. Erdilariak txartel horia izan du lehenagotik, eta inongo arriskurik izan ez duen jokaldi batean falta nabarmena egin dio Godini. Epaileak bigarren txartel horia atera dio, eta egotzi egin du. Hamar jokalarirekin egon arrean, aldeak murrizteko aukera izan du Athleticek 81. minutuan, baina Muniainek area barrutik egindako jaurtiketa, gutxigatik kanpora joan da.
Fitxa teknikoa:
2 - Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Godin, Filipe; Adrian (Raul Garcia, 72. min), Tiago, Gabi, Koke; Diego Costa eta Villa (Cristian Rodriguez, 83. min).
0 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Laporte (Albizua, 69. min), Gurpegi, Balenziaga (Erik Moran, 37. min); San Jose; De Marcos, Beñat (Susaeta, 54. min), Mikel Rico, Muniain; eta Aduriz.
Golak: 1-0, 33. min: Villa. 2-0, 41. min: Diego Costa.
Epailea: Fernando Teixeira Vitienes.