Itxi

1-2, Malagaren aurka

Athleticek emaitzari buelta eman dio eta garaipena lortu du Rosaledan

Erredakzioa

Zuri-gorriek 1-2 irabazi diote Malagari. Juanmik 37. minutuan sartu du 1-0ekoa, eta Valverdek zuzentzen duen taldeak partida irabaztea lortu du San Joseren eta Muniainen golei esker,

Your browser doesn’t support HTML5 video

Athleticek emaitzari buelta eman dio eta garaipena lortu du Malagaren aurka (1-2). Juanmik sartu du 1-0ekoa etxeko taldearentzat, baina San Joseren eta Muniainen golei esker, zuri-gorriek hiru puntuak eskuratu dituzte. Talde bizkaitarra Txapeldunen Liga jokatzeko txartela ematen duen laugarren postutik puntu bakarrera dago.

Lehen zatia parekatua izan da, eta bi taldeek gola sartzeko abaguneak sortu dituzte. Athleticek izan du partidako lehen gola sartzeko aukera, seigarren minutuan, baina Muniainek huts egin du atezainaren aurrean bakarrik geratu denean, kontrola luzeegi joan baitzaio. Partidako 21. minutuan, Guillermok bigarren zutoinean egin du errematea, eta Malagako defentsak gola eragotzi du, baloia atepetik aterata. Gola gertu izan du talde zuri-gorriak, baina lehen zatiko azken hamabost minutuetan Malaga izan da nagusi. Juanmik abagune argia huts egin du 31. minutuan, eta Antunesek ere gola sartzeko abagune bikaina izan du 33. minutuan. Antunesek jokaldi polita egin, area barruan sartu eta errematea kanpora bidali du, gutxigatik. Malagak bi abisu argi eman dizkio Athletici, eta hirugarrenean lortu du saria etxeko taldeak. Athleticeko defentsak huts egin du, 37. minutuan, eta Juanmik 1-0ekoa sartu du.

Gola hartu ostean, Athleticek partida berdintzeko bi abagune argi izan ditu. San Joseren errematea gutxigatik joan da kanpora, 41. minutuan, eta 44.ean Ibaik egin duen jaurtiketa langa gainetik joan da. Honenbestez, Malagaren aldeko 1-0eko emaitzarekin iritsi da partida atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran, Athletici kosta egin zaio partidan sartzea, baina lehen bost minutuak igaro ostean, zuri-gorriek erasora jo dute, eta abaguneak sortzen hasi dira. Malagak eta Athleticek ez dute abagune argirik izan lehen minutuetan, baina Mikel San Josek partida berdintzea lortu du (1-1) 68. minutuan. Susaetak kornerra ondo atera, eta San Josek sare barrura bidali du errematea.

Partida berdindu ostean, Athletic izan da nagusi, baina zuri-gorriek ez dute Caballeroren ate aurrean asmatu. Norgehiagokako 82. minutuan, Portillok falta argia egin, eta bigarren txartel horia ikusi du. Malaga hamar jokalarirekin geratu da azken hamar minutuetan, eta horrek kalte handia egin dio etxeko taldeari. Honela, 85. minutuan, Muniainek 1-2koa sartu du. Ander Herrerak pase dotorea eman dio, Caballerok lehen errematea desbideratu du, baina Iker Muniainek ez du barkatu bigarren errematean.

Azken minutuetan, Athleticek ondo eutsi dio Malagari, eta garaipenak ez dio ihes egin Valverdek zuzentzen duen taldeari.

Fitxa teknikoa:

1- Malaga: Caballero, Angeleri, Sergio Sanchez, Weligton, Antunes, Tissone, Samuel, Darder, Portillo, Eliseu (Pawlowski, 74. min) eta Juanmi (Morales, 74. min).

2- Athletic Club: Iraizoz, Iraola, San Jose, Laporte, Balenziaga, Iturraspe, Mikel Rico (De Marcos, 57. min), Herrera, Muniain, Ibai Gomez (Susaeta, 46. min) eta Guillermo (Toquero, 62. min).

Golak: 1-0, 38. min: Juanmi. 1-1, 68. min: San José. 1-2, 85. min: Muniain.

Epailea: Iglesias Villanueva.

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)