San Mamesen
Athletic laugarren jarri da, liderrari irabazi ondoren (1-0)
Erredakzioa
Valverderen gizonek hiru puntuak eskuratu dituzte Bartzelonaren aurka, Iker Muniainek lortutako golari esker. Zuri-gorriak Txapeldunen Ligako postuetan sartu dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek partida bikaina jokatu du Bartzelonaren aurka (1-0), eta zuri-gorriak laugarren jarri dira sailkapenean, Txapeldunen Ligako postuetan. Valverderen taldeak BBVA Ligako liderra gainditu du San Mamesen, Iker Muniainek 2. zatian (70. minutuan) lortutako golari esker. Bilboko taldeak porrota ezagutu gabe jarraitzen du San Mames estadio berrian.
Athletic Club jaun eta jabe izan da hasierako minutuetan, intentsitate handiarekin jokatu baitu, eta Martinoren gizonak baloia gorde ezinik aritu dira. Susaetak partidako aurreneko aukera argia izan du, 7. minutuan, baina eibartarraren errematea kanpora joan da, Muniainen erdiraketak ezustekoan hartu baitu. Bartzelona nagusitzen hasi da, pixkanaka, eta Gorka Iraizozek gelditu erabakigarria egin behar izan du, Neymarren jaurtiketa kornerrera desbideratzeko.
Ernesto Valverderen gizonek Barçaren presioa gainditu dute, apurka-apurka, eta norgehiagokaren kontrola hartu dute. Muniainek aurreneko gola lortzeko abagune garbia izan du 28. minutuan, baina nafarrak Pintoren eskuetara jaurti du baloia. Toquerok ere aukera ona izan du, baina burukada gehiegi gurutzatu du, eta baloia kanpora joan da. Lehenengo zatiko azken minutuetan, Athletic jaun eta jabe izan da, baina zuri-gorriek ezin izan dute golik egin.
Atsedenaldiaren ostean, Tata Martinoren gizonek bi abagune argi izan dituzte, baina Neymarrek ezin izan du Gorka Iraizoz gainditu. Brasildarrak beste aukera garbi bat izan du, 58. minutuan, baina horren jaurtiketa kanpora joan da zutoin ondotik. Athletic nagusitzen hasi da, berriz ere, eta, 70. minutuan, Iker Muniainek 1-0ekoa eskuratu du, Markel Susaetaren pase ederra aprobetxatuta.
Zuri-gorriak ez dira atzean sartu, eta bigarren golaren bila jarraitu dute. Bartzelona galduta ibili da defentsan, Munianek gola egin ostean, eta Bizkaiko taldeak bigarrena lortzeko abagune argiak izan ditu. Toquerok erremate gogorra egin du area txikian, eta Pintok sekulako gelditua egin du, baloia langa azpitik aterata. Azken minutuetan, Athletic jaun eta jabe izan da berdegunean, eta Valverderen gizonek hiru puntuak lortu dituzte, liderraren kontra.
- Fitxa teknikoa:
1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, Laporte, Balenziaga (Albizua, 81. minutuan); Iturraspe, Rico (San Jose, 87. minutuan), Herrera; Susaeta, Toquero eta Muniain (Ibai Gomez, 86. minutuan).
0 - FC Bartzelona: Pinto; Montoya, Pique, Mascherano, Adriano; Busquets, Xavi (Sergi Roberto, 77. minutuan), Iniesta (Pedro, 84. minutuan); Alexis, Cesc eta Neymar.
Golak: 1-0, 70. minutuan: Muniain.