Itxi

Brusela

Urrutia: 'Athleticek legea bete du eta betetzen jarraitzen du'

IKER GOMEZ

Josu Urrutia Athleticeko presidenteak esan du taldeak ez duela Europako Batzordeko eskaera ofizialik jaso, nahiz eta San Mames Barria elkarteko bazkideei "zenbait datu argitzea" eskatu dizkieten.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bere ibilbide osoan Athleticek legea beti "bete" duela azpimarratu du gaur Josu Urrutia taldeko presidenteak. Horrez gain, Athletic sozietate anonimo bilakatzea "inolaz ere ez" duela bultzatuko nabarmendu du.

Sozietate anonimoa ez izateagatik irekitako ikerketaren inguruan, Urrutiak esan du Athleticek ez duela Europatik komunikazio ofizialik jaso. "Hedabideetan agertutakoa eta ministroari entzundakoa besterik ez daukagu". Hala ere, bere ibilbide osoan, Athleticek legea beti bete duela azpimarratu du. "Orain ere, horrela da", nabarmendu du.

Europatik etor daitekeen balizko isun baten inguruan, Athleticeko presidenteak esan du ez duela uste isun bat egon beharko litzatekeenik. "Historia osoan legea bete dugu", berretsi du.

San Mames Barria elkartearen inguruan, horren bazkide diren erakundeek zenbait datu argitzeko eskaera jaso dutela baieztatu du Urrutiak. Horren harian, "lasai" daudela esan du.

Europako Batzordeak Espainiako zazpi futbol talderen aurkako ikerketa abiatuko du aste honetan, Estatuaren ustezko laguntza ilegala jasotzeagatik. Taldeak Real Madril, Bartzelona, Athletic, Osasuna, Valentzia, Elx eta Hercules dira.

Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroak eman ditu ezagutzera taldeen izenak, eta taldeak defendatzeko argudioak prestatzen ari direla baieztatu du.

"Ez da inolako legez aurkako kasurik egon, eta Gobernuak taldeak azkenera arte defendatuko ditu", esan du Garcia-Margallok.

Zazpi taldeak arrazoi ezberdinak direla eta ikertuko dituzte, laguntza publikoei esker ustez onura atera dutelako. Real Madril, Bartzelona, Athletic eta Osasuna euren estatus fiskala dela eta ikertuko dituzte, BBVA Ligan sozietate anonimoak ez diren talde bakarrak direlako.

Athletic, San Mames estadio berria eraikitzeko sortutako sozietate publikoak izan duen zereginagatik ere ikertuko dute.

Real Madrilek bere instalazioak eraikitzeko lurren trukean ustezko iruzurra egin zuelako ere ikertuko du Europako Batzordeak talde zuria.

Gainera, Valentzia, Hercules eta Elx Valentziako Finantza Institutuak ustez emandako laguntzak direla eta ikertuko dituzte.

Albisteak (3)

Bideoak (1)