Itxi

Futbol taldeei ikerketa

Almuniaren ustez 'onartezina' da interes gatazkaren inguruko salaketa

Erredakzioa

EBko Herriaren Defendatzaileak ikerketa "gehiago ez atzeratzeko" eta espedienteak martxan jartzeko eskatu dio Lehiakortasun komisarioari. Athleticekiko harremana dela-eta interes gatazka egotzi dio.

Joaquin Almunia Lehiakortasun komisarioaren ustez, ''onartezina'' da Europar Batasuneko Herriaren Defendatzaileak ustezko interes gatazkaren inguruan egindako salaketa, Antoine Colombani komisarioaren bozeramaileak adierazi duenez.

Izan ere, Emily O'Reilly Europar Batasuneko Herriaren Defendatzaileak Espainiako Ligako kluben kontra abiatutako ikerketa "gehiago ez atzeratzeko" eta espedienteak martxan jartzeko eskatu dio Almuniari. O'Reillyren arabera, "askorentzat interes gatazka egon daiteke, komisarioak tartean dagoen klubetako batekin duen lotura estuagatik", Almunia Athleticeko bazkide baita.

Komisarioaren bozeramaileak baieztatu duenez, ''futbol sektorearen inguruko hainbat erabaki'' hartuko dituzte asteazken honetako bileran, eta ''behin erabakiak hartuta jakitera emango dituzte neurri zehatzak''. Colombaniren hitzetan, ''ez da zuzena zenbait artikuluk eta adierazpenek erabaki inguruan aurreratu duten guztia''.

Halaber, ikerketaren atzerapena dela-eta, bozeramaileak azaldu du jasotzen duten ''kexa kopuru handiak'' eragin duela atzerapen hori.

José Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroak astelehenean aurreratu duenez, Europako Batzordeak Espainiako zazpi futbol talderen inguruko ikerketa abiatuko du aste honetan, Estatuaren ustezko laguntza ilegalak jasotzeagatik. Real Madrid, Bartzelona, Athletic, Osasuna, Valentzia, Elx eta Hercules dira EBk ikertuko dituen talde horiek.

Albisteak (4)