Itxi

Errege Kopa

Athletic Betisen zain da Kopan, Celta jipoitu ondoren (4-0)

L.E. | eitb.com

Zuri-gorriak Celta baino askoz gehiago izan dira. Muniainek eta Susaetak irauli dute kanporaketa lehen zatian. Beste bi golak Muniainek berak eta Adurizek egin dituzte bigarren zatian.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Athleticek jipoia eman dio Celtari, Errege Kopako final-hamaseirenetako itzuleko partidan. Bilbotarrek joaneko neurketan Balaidosen jasotako porrota irauli dute, galiziarrek emandako erraztasunak aprobetxatuta.

Lehen zatian jokoa eta kontrola zuri-gorriena izan dira; galiziarrak, berriz, euren zelaian sartuta izan dira ia denbora guztian.

Bilbotarrek 12. minutuan eman dute lehen abisua: Ibai Gomezek zuzenean jaurti du falta bat, urrutitik, eta baloia kanpora joan da oso gutxigatik.

Athleticek partida kontrolpean izan du eta erraz jokatu du; baloia oso goian lapurtu dute behin eta berriro, Celtaren irteerak itoz.

Lehen gola 21. minutuan iritsi da: baloia Celtaren zelai erdian lapurtu dute zuri-gorriek eta baloia Iker Muniaini iritsi zaio. Nafarrak gogor jaurti du area ertzetik eta gol bikaina sartu du bere urtebetze egunean.

Celta baloia ukitzen hasi eta arrisku gehiago sortu du, baina Iago Herrerini aparteko arazorik sortu gabe.

Eta atsedenaldirako minutu bat falta zenean egin dute bigarrena zuri-gorriek: Ibai Gomezek ezkerretik erdiratu eta Susaetak baloia sareetara bultzatu du.

Celta, 10 jokalarirekin

Bigarren zatia hasi eta berehala, Ibai Gomezek hirugarrena egiteko aukera izan du, baina jaurtiketak zutoinean jo du eta baloia kanpora atera da.

Beste gol bat behar zuten zuri-gorriek lasaitasunez jokatzeko. Gauzak errazago jarri zaizkie 53. minutuan,  epaileak Hugo Mallo kaleratu baitu bigarren txartel horia atera ondoren.

Kosta egin zaion arren, azkenean iritsi egin da hirugarren gola. Muniainek egin du 80. minutuan, Celtako atzelariak begira zituela.

Laugarren eta azken gola Aritz Adurizek sartu du 6 minutu geroago. Baselinaz gainditu du Ruben atezaina donostiarrak.

Emaitza horri esker, Athletic Hereje Kopako final-zortzirenetan da. Betis izango da Valverderen  mutilen hurrengo aurkaria urtarrileko bigarren astean. Joaneko partida Sevillan jokatuko dute.

Fitxa teknikoa:

4 - Athletic: Iraizoz; Iraola, Gurpegui (Ekiza, 46. min), San José, Balenziaga; Iturraspe (Morán, 83. min), Rico; Susaeta, Muniain, Ibai Gómez (Herrera, 61. min); eta Aduriz.

0 - Celta: Rubén Blanco; Hugo Mallo, Jonathan Vila, Cabral, Toni Rodríguez; Krohn-Dehli (Javi Rey, 72. min), Madinda, Alex López (Jonny, 57. min); Santi Mina (Orellana, 46. min), Charles eta Nolito.

Golak: 1-0, 21. min: Muniain. 2-0, 44. min: Susaeta. 3-0, 80. min: Muniain. 4-0, 86. min: Aduriz.

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)