Athletic-Valladolid (4-2)
Athleticek garaiezin jarraitzen du San Mamesen
A.B.
Valladolid aurreratu da, Oscarren bitartez, hamabosgarren minutuan, baina Athleticek markagailua irauli eta garaipena lortu du 4-2ko emaitzarekin. Laugarren postuari eutsi dio.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek 4-2 irabazi dio Valladolidi San Mamesen, eta garaiezin jarraitzen du "Katedralean". Gainera, talde zuri-gorriak BBVA Ligako sailkapeneko laugarren postuari eutsi dio, eta Txapeldunen Ligako postuetan jarraitzen du.
Athletic izan da baloiaren jabe hasieratik, baina Valladolidek sartu du lehen gola (0-1). Oscarrek jokoz kanpoko posizioan sartu du lehen gola hamabosgarren minutuan. Gola hartu ostean ere, Athletic nagusi izan da, eta abagune onak izan ditu markagailua parekatzeko, baina Mariño atezaina bikain ibili da. Epaileak Athleticen aldeko hiru penalti argi adierazi gabe utzi ditu, eta partida Valladoliden aldeko 0-1eko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatian, norgehiagokako gidoia ez da aldatu, eta Athletic izan da jaun eta jabe. Mariño atezainak bi aukera eragotzi ditu bigarren zatiko lehen hamabost minutuetan, baina 64.ean zuri-gorriek partida berdintzea lortu dute. Ibai Gomezek sartu du banakoa (1-1).
Berdinketa lortuta, etxeko taldeak garaipenaren bila jo du, eta Athleticek markagailua irauli du De Marcosek sartutako golari esker (2-1). Zailena eginda zuen Athleticek, baina Valverdek zuzentzen duen taldeak gehiago nahi izan du, eta 81. minutuan Ibai Gomezek lasaitasunaren gola sartu du (3-1). Festa biribiltzeko, Ander Herrerak 4-1ekoa sartu du 85. minutuan.
Festa-giroa izan da azken minutuetan San Mamesen, eta Valdet Rama Valladolideko jokalariak markagailua apaindu du gol ikusgarria sartuta. Azkenean, Athleticek merezitako garaipena lortu du.
Fitxa teknikoa:
4 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Gurpegi, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Beñat (De Marcos, 57. min); Susaeta (Moran, 78. min), Herrera, Ibai Gomez (Saborit, 88. min); eta Aduriz.
2 - Real Valladolid: Mariño; Rukavina, Valiente, Peña, Bergdich; Alvaro Rubio, Rossi, Ebert (Rama, 78. min), Oscar, Victor Perez (Larsson, 56. min); eta Javi Guerra (Manucho, 78. min).
Golak: 0-1, 15. min: Oscar. 1-1, 65. min: Ibai Gomez. 2-1, 74. min: De Marcos. 3-1, 81. min: Ibai Gomez. 4-1, 86. min: Herrera. 4-2, 90. min: Rama.
Epailea: Estrada Fernandez.