Itxi

Ligako klasikoa

Athleticek Ligako gotorlekua mantendu nahi du etxean, Madrilen aurka

Erredakzioa

Kopan Atletico Madrilen kontra galdu arren, oraindik San Mamesek ez du Athleticen porrotik ikusi Ligan. Azken hiruhilabeteko talderik onena izango du aurrean.

Valverde Athleticeko jokalariekin. Argazkia: EFE.

Athleticek azken hiru hilabeteetako talderik onena hartuko du igandean: Real Madril. Zuri-gorriak, izan ere, tarte bereko bigarren talderik indartsuena da. Biak egongo lirateke sailkapeneko goiko bi postuetan, Ligako azken 9 jardunaldiak baino ez balira jokatu izango. Real Madrilek 25 puntu izango lituzke; Athletic, 22.

Real Madril hobea izan arren, Ligako klasikoa zaila dirudi bi taldeentzat. Carlo Ancelottik, Real Madrileko entrenatzaileak, Athletic "futbol onena jokatzen duten taldeen artean" dagoela esan du, eta irabazteko, "ehuneko ehuna" baino gehiago eman beharko dutela: "Asko gustatzen zait Athleticen jokoa. Oso arriskutsua da, oso futbol dinamikoa jokatzen du. Valverde oso la nona egiten ari da".

Gareth Bale, sendatuta egon arren, ez da San Mamesen egongo, entrenatzaileak Koparako gordetzea erabaki duelako. Varane, aldiz, ia hiru hilabeteren ostean itzuliko da deialdira. Bere azken partida Realaren aurkako neurketa izan zen.

Andoni Iraolaren arabera, "oso partida ona" izango da igandekoa, bi taldeak oso momentu onean helduko direlako. Real Madril aurkari zaila izan arren, Iraolak Athleticen laugarren postua eta etxeko zenbakiak gogoratu nahi izan ditu. Atzelariarentzat, konplexurik gabe irten behar dira zelaira, "gure jokoa egin eta akatsik ez egiteko".

Ernesto Valverdek Athleticekin Real Madrilen kontra jokatuko duen bosgarren partida izango da. Aurreko lauetatik, hiru irabazi dizkio. Jokalari guztiak izango ditu prest, eta zalantza bakarra du Cristiano Ronaldo gelditzeko: Andoni Iraola ala Oscar de Marcos.

Albisteak (2)