Itxi

BBVA Liga

Athleticek landutako puntua atera du Balaidosetik (0-0)

Leire Etxazarra | eitb.com

Zuri-gorriek sufritu egin dute Celtaren aurka, galiziarrak gehiago izan dira eta haiek izan dituzte gol aukerarik argienak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Athleticek puntu bat atera du Balaidosetik, Vigoko Celtarekin hutsean berdinduta, eta sendo jarraitzen du sailkapeneko laugarren postuan.

Erritmo bizia izan du lehen zatiak: Celtak izugarrizko presioa egin du aurrean, eta horrek arazoak sortu dizkie zuri-gorriei. Bilbotarrek lanak izan dituzte zuloak aurkitu eta baloia atzetik jokatuta ateratzeko.

Luis Enriqueren taldearen presioak ondorio argia izan du: lehen 45 minutuetako aukera guztiak galiziarrenak izan dira. Lehenengoa, 15. minutuan. Orellanak baloia erdiratu du eta Santi Minaren bolea gora joan da. Lehen abisua izan da.

29.ean, Rafinhak izan du aukera, baina horren jaurtiketa ere gora joan da, zaleak lehen gola ospatzen hasteko prest zeudenean. Brasildarrak buruko min handiak eman dizkie Ernesto Valverderen gizonei.

43. minutuan, Iturraspek huts galanta egin du, eta baloia Charlesi eman dio. Celtako jokalaria arean sartu da eta bere jaurtiketak zutoina jo du.

Athleticek, berriz, ia ez du arriskurik sortu, eta Yoelen inguruetara iritsi den aukera apurretan Vigoko atzelarien jokoz kanpoko estrategian erori da.

Neurketa bizia

Atsedenaldiaren ostean, lehen zatiko erritmo biziak behera egin du nabarmen, eta gol aukera gutxiago egon dira, eta ez hain argiak. Athleticek hobeto eutsi dio Celtari, baina Luis Enriqueren taldeak, nekatuta egon arren, ez dio eraso egiteari uko egin, ezta gutxiagorik ere.

Ibaik eta De Marcosek sortu dute arrisku gehien Yoel atezainaren inguruan, baina galiziarrak trebeago aritu dira erasoan: Rafinharen jaurtiketa batek eta Bermejok (buruz, azken segundoan) hiru puntuak etxean geratzea lortu dute ia-ia, baina azkenean golik gabe bukatu da partida.

Fitxa teknikoa:

0 - Vigoko Celta: Yoel Rodríguez; Hugo Mallo, Cabral, Fontás, Jonny; Alex López (Nolito, 64'), Krohn-Dehli, Rafinha; Orellana, Santi Mina (Augusto Fernández, 55') eta Charles (Mario Bermejo, 82').

0 - Athletic: Iraizoz; De Marcos, Gurpegui, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Mikel Rico; Susaeta (Ibai, 74'), Ander Herrera (Iraola, 90'), Muniain; Aduriz (Kike Sola, 66').

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)