Joko ona berriro
Adurizen hirukoa eta Athleticen garaipen erraza (4-0)
Erredakzioa
Adurizek bi gol bikain sartu ditu, eta beste bat penaltiz. Gurpegik sartu du laugarrena, Granadari erraz irabazteko Athletic oso nagusi izan den neurketan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aritz Aduriz izan zen garaipenaren protagonista handia. Athleticek Granadari irabazi zion San Mamesen (4-0). Hirukoa sartuta, taldeko liderra izan zen zuri-gorriak nagusi izan ziren neurketan. Athleticek 50 puntu ditu, eta laugarren postua sendotu du.
Athletic jaun eta jabe izan zen, hasieratik. 6. minutuan, lehenengoa sartu zuen Adurizek, buruz, Iraolaren erdiraketa bikainaren ostean. Athleticek agintzen jarraitu zuen, eta 18.ean bigarrena heldu zen, denboraldiko gol handia: Adurizek gogor astindu zuen baloia eskuinaldetik, eta baloia Robertoren atearen txokotik sartu zen.
Partida erabakita, Granada ezinean zebilen. Athletic oso nagusi izan zen lehenengo zatian, baloiarekin eta abaguneak sortzen. Etxeko taldea gustora aritu zen zelaian, eta aurkaria ia ez zen agertu.
Bigarren zatian, Granada berpizten saiatu zen, baina laster berreskuratu zuen gidaritza Athleticek. Mainzek txartel gorria ikusi zuen Adurizi egindako falta baten ostean, area barruan, eta aurrelariak penaltia sartu zuen. Horrela, hirukoa lortzeaz gain, Valverdek baino gol gehiago sartu ditu Athleticekin: 52. Denboraldi honetako pitxitxia bilakatu da, Ibai Gomezen aurretik.
Gurpegi gol festara batu zen, eta berea egin zuen 80. minutuan. Partidak berriro ekarri du joko ona San Mamesera.
FITXA TEKNIKOA
Athletic: Iraizoz; Iraola, Gurpegi, Laporte, Balenziaga (Saborit, min.83); Iturraspe, Mikel Rico; Susaeta, Ander Herrera (De Marcos, min.79) Muniain eta Aduriz (Guillermo, min. 84).
Granada: Roberto; Nyom (Riki, min.51) Coeff, Mainz, Angulo; Iturra, Fatau (Foulquier, min. 25), Recio; Brahimi, El Arabi eta Pereira.
Golak: 1-0, min.7, Aduriz; 2-0, min.18, Aduriz; 3-0, min.74, Aduriz; 4-0, min.79, Gurpegi.