Laugarren posturako borroka
Balenziagak Sevillaren aurkako 'gau magikoa' errepikatu nahi du
Erredakzioa
Athleticeko jokalariak, hala ere, ez du uste igandeko partida final bat denik, 'beste hiru geratuko direlako jokatzeko'.
Mikel Balenziagak, Athleticeko atzelariak, igandean Sevillaren aurkako 'gau magikoa' errepikatzea espero du. Orain dela bost urte, Kopako finalerdi bat irauli zion Athleticek Sevillari San Mamesen, 3-0eko markagailuarekin: "Bai, burura etortzen zaigu neurketa hura, gau magiko bat izan zelako, egia esan".
Igandeko giroa 2009koa bezalakoa izango dela uste du jokalariak, afizioa taldearekin bat egon zenean, hoteletik bertatik. Balenziagak partidaren garrantzia onartu du, eta emaitza ere orain dela bost urte bezalakoa izatea espero du, laugarren postua mantentzeko.
Sevillak Athletici irabazten badio, aurretik jarriko da sailkapenean. San Mameseko taldeak irabaziko balio, sei puntuko aldea sartuko lioke: "Denok dakigu garrantzia handiko partida dela, laugarren postuan jarraitzea jokoan dugulako. Hala ere, ez du uste final bat denik: "Final bat partida bakarrean jokatzen da, eta irabazita, berdinduta ala galduta, hiru neurketa geratuko dira".
Athletic bere jokoa egitera atera beharko da, "partida guztietako lasaitasunarekin". Aurrean oso aurkari "gogorra" izango du, "jokoa zailtzen dizuenetariko bat". Ivan Rakitic aipatu du Balenziagak.