BBVA Liga
Txapeldunen Ligari haginkada eman dio Athleticek
Leire Etxazarra | eitb.com
Zuri-gorriak Sevillari nagusitu zaizkio San Mamesen 3 eta 1 Susaetak, Muniainek eta Herrerak sartutako golei esker. Txapeldunen Liga esku-eskura dute orain.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ernesto Valverderen Athleticek sekulako aurrera pausoa eman du datorren denboraldian Txapeldunen Ligako atariko fasea jokatzeko bidean. Sevilla aurkari zuzena aise gainditu dute San Mamasen, andaluziarrekin sailkapenean duten aldea sei puntura handitu dute eta Vallecasen Europako talde onenen artean jokatzeko txartela matematikoki lor dezakete.
Partida hasi aurretik minutu bateko isilunea egin dute, Tito Vilanova Bartzelonako entrenatzaile ohiaren oroimenez. Lehen zatia modu ezin hobean hasi dute zuri-gorriek. Erasoko lehen jokaldian kornerra behartu dute, Susaetak ezkerreko aldetik atera du eta baloia zuzenean sartu da Betoren atean. Gol olinpikoa, eta Athletic 1 eta 0 aurretik 5. minutuan.
Bizkaitarrak serio aritu dira zelaian, ideiak garbi izan dituzte, eta Sevilla, aldiz, atzean sartuta ibili da. Hala ere, ahal izan dutenean erasoan atera dira eta arriskua sortu dute Athleticen arearen inguruan.
30. minutuan, Aduriz 2 eta 0ekoa lortzear izan da, baina Balenziagak egindako erdiraketa bikaina buruz jo eta jaurtiketa kanpora joan zaio. Handik gutxira beste aukera argi bat izan du aurrelari donostiarrak; baloia orpoz jo du eta gurutzatuegi atera zaio. Athleticen minuturik onenak izan dira.
Sevillak 38.ean izan du lehen zatiko aukerarik garbiena Laportek baloia oker aldaratu ostean, baina Gorka Iraizoz zuhur aritu da eta Gameirori jaurtiketa egitea galarazi dio.
Bigarren zatia hotz hasi dute bi taldeek, baina Emeryren taldea gogo gehiagoz atera da erasora. Presioa gorago egiten hasi dira, eta Baccak buruko minak eman dizkio bizkaitarren atzeko lerroari.
Baina Athletic lo zegoela zirudienean iritsi da etxekoen bigarren gola. Iker Muniainek egin du, Iraolak eskumako aldetik egindako erdiraketa aprobetxatuta. 2 eta 0, partidako 54. minutuan.
Diogoren kaleratzea eta Herreraren gola
71. minutuan egon da partidako gakoetako bat. Epaileak bigarren txartel horia atera dio Diogo portugaldarrari eta Sevilla 10 jokalarirekin geratu da. Eta jarraian, hurrengo jokaldian, Ander Herrerak Athleticen hirugarren gola egin du, buruz, defentsa artetik sendo sartuta.
Andaluziarrek aldea murriztea lortu dute 79.ean, baina ez dute gehiagorako asti nahikoa izan. San Mamesen jai giroa nagusitu da. Valverderen taldeak sei puntuko aldea du dagoeneko Sevilarrekin, Liga bukatzeko hiru partida falta direnean. Txapeldunen Ligako atariko faserako sailkapena matematikoki lor dezakete bilbotarrek ostiralean, Vallecasen.
Fitxa teknikoa:
3 - Athletic: Iraizoz; Iraola, San José, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico (Morán, 90. min); Susaeta, Herrera, Muniain (De Marcos, 83. min); Aduriz (Toquero, 88. min).
1 - Sevilla: Beto; Coke, Nico Pareja, Fazio, Alberto Moreno; Diogo, Carriço (Vitolo, 64. min), Iborra, Trochowski (Rakitic, 64. min); Gameiro y Bacca (Jairo, 74. min).
Golak: 1-0, 4. min: Susaeta. 2-0, 53. min: Muniain. 3-0, 73. min: Herrera. 3-1, 79. min: Gameiro