Itxi

Klubaren komunikatua

Herrerak bere etete klausula ordaindu du

Erredakzioa

Hurrengo orduetan Manchester United taldeak bilbotarraren fitxajea ofiziala egitea espero da.

Ander Herrera

Ander Herrera jokalariak Athletic Club taldearekin zuen kontratua eteteko klausula ordaindu duela jakinarazi du talde zurigorriak bere webgunean argitaraturiko ohar batean.

Herreraren etete klausula 36 milioi eurokoa zen. Manchester United talde ingelesak interes handia agertu du jokalari bilbotarra fitxatzeko, iazko udan gertatu zen moduan, eta etete klausula ordaindu izana Ingalaterrara joateko lehen pausotzat jo daiteke. "Ekainaren 26an, ostegunean, Futboleko Liga Profesionalak Athletic Clubi egiaztatu dio Ander Herrera jokalariak Athletic Clubekiko lotzen duen aldebakarreko kontratu deuseztapena gauzatzeko gaur egungo arautegiak eskatzen dituen betebeharrak bete dituela. Egiaztapenaren arabera, jokalaria 2011ko uztailaren 11tik klubarekiko lotzen zuen kontratuzko harremana alde bateko ekimenez amaitzeko borondatea azaldu du, horretarako haren kontratuan ezarritako diru kopurua ipiniz", dio Athleticen oharrak.

Halaber, Bilbon egin dituen hiru denboraldietan jokalariak agertu duen ardura eskertu du talde zurigorriak, eta etorkizuneko kirol proiektuetan zorterik onena opa dio.

Jokalariak hartu duen erabakiaren harira, Josu Urrutia presidenteak hasierako balorazioa egin du taldearen izenean. Horrela, Athleticek bere proiekturako "kluba beren lehen kirol jomugatzat hartzen duten jokalariak" nahi dituela nabarmendu du, eta Herrerak harturiko erabakia ez datorrela horrekin bat eta, alde horretatik, "etsipena" azaldu du.

Era berean, Urrutiak gogorarazi du Herrerak talde zurigorritik alde egiteko ezagunak ziren bi baldintzak bete dituela, hau da, alde egin nahia eta kontratuan zegokion etete klausula ordaintzea. "Ez da une atsegina, baina horrek ez du ezertan aldatzen gure filosofia eta gure klubaren lan egiteko era. Lantalde handi bat daukagu eta bertan jokalari lehiakorrak daude. Indar berberarekin segituko dugu aurrerantz", ziurtatu du.

Bukatzeko, datorren astean, oraindik zehazteke dauden data eta orduan, Josu Urrutia presidenteak prentsaurrekoa eskainiko duela jakinarazi du talde zurigorriak.

Albisteak (2)