Lehen entrenamendua
Athleticek denboraldiaurreari ekin dio
Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak 2014-2015. denboraldiko lehen entrenamendua egin du Lezaman.
Athleticek astearte honetan ekin dio denboraldiaurreari. Lehen entrenamendua Lezaman egin dute, eta Txapeldunen Ligako atariko kanporaketara sasoian iristea dute helburu.
Valverdek 34 jokalarirekin egingo du denboraldiaurrea. Ondoren, baja batzuk eman beharko ditu, eta 24 edo 25 jokalarirekin geratzea da entrenatzailearen ideia. Gaurko lan saioan Gorka Iraizoz falta izan da. Athleticeko atezaina gripeak jota da, eta klubeko zerbitzu medikuek atseden hartzea gomendatu diote.
Talde zuri-gorriak abuztuaren 8an ezagutuko du Championseko atariko kanporaketako aurkaria. Kanporaketa horretako joaneko partida abuztuaren 19an edo 20an jokatuko da, eta itzulerakoa, abuztuaren 26an edo 27an. Athleticek kanporaketa hau gainditzea du helburu, Txapeldunen Ligan parte hartu ahal izateko.