Prentsaurrekoa
Benitezek Athleticen aurka ausart jokatzeko eskatu die bere jokalariei
Napoliko entrenatzaileak partida "zoragarria, ikusgarria eta bikaina" espero du zuri-gorrien aurka.
Athleticek Napoli izango du aurkari astearte honetan Txapeldunen Ligako playoffeko joaneko partidan. Hori dela eta, Napoli taldeko entrenatzailea den Rafael Benitezek prentsaurrekoa eman du.
"Badakigu Txapeldunen Ligako multzoen fasean sartzeak garrantzi handia duela taldearen ekonomiarako, baina ezin gara beldurtuta zelairatu”, adierazi du Benitezek. Napoliko entrenatzaile espainiarrak partida zaila espero du Athleticen aurka, baina bere taldea nagusituko dela uste du. “Napolik oso gutxitan jokatu du Txapeldunen Liga eta aurten txapelketa hau jokatuko ez duten talde handiak ere badaude, Manchester United, adibidez", gogoratu du Napoliko entrenatzaileak.
Benitez espainiarra da, Espainiako Ligan ere entrenatzaile karguan egondakoa da, eta Athletic oso ondo ezagutzen du. Hauxe esan du Athleticen gainean: "Athletic ondo ezagutzen dut. Urte asko daramate elkarrekin jokatzen eta jokalariak oso ondo ezagutzen dira. Partida zoragarria, ikusgarria eta bikaina espero dut. Norgehiagoka oso taktikoa izango dela uste dut".
Gonzalo Higuain ehuneko ehunean ez dagoela gogoratu du Napoli taldeko entrenatzaileak, baina argi utzi du "Higuainek guztia eman dezake ehuneko ehunean egon ez arren".