H Taldea
Shakhtarri eutsi egin dio Athleticek, eta lehen puntua eskuratu du
Mikel Dominguez | eitb.eus
Puntuak banatu dituzte bi taldeek multzoen faseko lehenengo partidan, San Mamesen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Puntu bat lortu du Athleticek Shakhtar Donetsken aurkako norgehiagokan, San Mamesen, Txapeldunen Ligako multzoen faseko lehen jardunaldian. H multzoan oso aurkari zaila dela erakutsi du Shakhtarrek. Debuta etxean egin arren, txapelketako lehenengo puntua lan handia eginda lortu dute zuri-gorriek.
Bi taldeen arteko orekarekin hasi da neurketa. Athleticek ez du baloiari eustea lortu, ezta benetako arriskua sortzea ere. Presioan ere ahul, erraztasun gehiegi eman dizkio Shakhtarri partidaren hasieran.
Donetskeko taldeak 13. minutuan egin du lehen jaurtiketa hiru zutoinen artean. Iraizozek (ondo neurketa osoan) Stepanenkoren jaurtiketa urruna harrapatu du. 17.ean, zuri-gorrien atezainak Srnaren erdiraketa pozoitua urrundu du.
Athleticen aukera argiena falta-jaurtiketa batean heldu da, 28. minutuan. Gutxigatik joan zaio kanpora Ibairi. Neurketa oso azkarra izan da lehen zatiko minutu askotan, eta Athletic ez da oso argi aritu.
Shakhtar oso aurkari gogorra izan da, lehen zatiko luzapenean izandako aukerek erakutsi bezala. Donetskekoek eroso bukatu dute zelaian, Athletici gauzak asko zailduz. Etxekoek, baina, atzeko lanak ondo eginez eutsi diote aurkariari.
Shakhtar Donetskek hobeto hasi du bigarren zatia, Athleticen lan handiaren aurrean. Stepanenkok gola sartu du 68.ean, baina, jokoz kanpo zegoela eta, baliogabetu egin dute.
Gero, gora etorri da Athletic, eta baloia gehiago izanda, nagusitasuna berreskuratu du bigarren zatiko minutu batzuetan. Shakhtarrek golik sartu ez izana aprobetxatuta, azken partean animatu egin da Athletic. Hala ere, indar falta nabaritu du, eta Shakhtarren seriotasunak golik gabe utzi du markagailua.
Multzo bereko beste partidan, berriz, Portok sei gol sartu dizkio BATEri. Ondorioz, Portugalgoak dira lider, lehenengo hiru puntuak eskuratuta.
FITXA TEKNIKOA
Athletic: Iraizoz, Laporte, Gurpegi, Balenziaga, Beñat (Susaeta, 64. min), Iturraspe, De Marcos, Ibai, Rico, Muniain (Aqueche, 75. min) eta Aduriz (Guillermo, 77. min).
Shakhtar Donetsk: Pyatov; Srna, Kucher, Rakitsky, Azevedo; Fernando (Fred, 73. min), Stepanenko, Teixeira; Costa, Taison (Marlos, 80. min) eta Adriano (Gladkiy, 89. min).