2-1 BATE Borisoven aurka
Athletic, suspertu ezinik
Erredakzioa
Valverderen taldeak merezitako porrota jaso du Bielorrusian, partida kaskarra eginda. Multzoko azken postuan dago Athletic.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek Txapeldunen Ligan aurreneko porrota jaso du BATE Borisoven etxean galduta (2-1), merezita. Multzoen faseko bigarren jardunaldiko neurketa izan da.
Zuri-gorriek joko kaskarra eskaini dute lehen zatian. Deseroso aritu dira Ernesto Valverderen gizonak, eta etxekoak izan dira jaun eta jabe.
Polyakovek estreinatu du markagailua 19. minutuan. M. Volodkok korner bat atera du, Signevichek buruarekin ukitu du baloia eta Polyakovek bigarren zutoinean gainditu du Iraizoz.
Golak erabat suntsituta utzi du Athletic eta 29.ean gutxigatik ez du BATEk bigarrena egin. Signevichen boleak zutoina jo du. Baina 40.ean 2-0ekoa sartu du Bielorrusiako taldeak. Karnitskik jaurti du, baloiak Iraolari eman dio eta Gorkak ezin izan du ezer egin baloia sare barrura ez sartzeko.
Adurizek markagailuko aldea murriztu du 44. minutuan, gola eginda. Donostiarrak gol ederra sartu du, Muniainen pasea baliatuta (2-1).
BATEk lehen zatiko erritmoari eutsi dio bigarrenean, eta Athleticek esnatu ezinik jarraitu du. Valverdek Susaeta eta De Marcos jarri ditu, Ibairen eta Mikel Ricoren ordez, baina Aleksandr Yermakovichen taldeak berera jarraitu du, hirugarren golaren bila.
Athleticeko defentsaren ahulezia, kezkagarria. 3-1ekoa berdinketa baino gertuago zegoen. Eta hirugarrena sartzeko zorian izan da Signevich 68.ean, Iturrasperen hutsegite bat baliatuta.
Athleticek ezin izan du baloiaren jabetza eskuratu, eta joko motelegia egin du. 81.ean, Chernik atezainak kornerrera bidali du Susaetaren jaurtiketa ona. Kornerrean, Adurizek buruz egindako errematea kanpora joan da, gutxigatik.
H multzoko azken postuan dago Athletic, eta hurrengo jardunaldia Julen Lopeteguiren Portori egingo dio bisita. Final-zortzirenetarako txartela asko zaildu zaio Valverderen taldeari.
Fitxa teknikoa:
BATE Borisov: Chernik; Khagush, Filipenko, Mladenovic, Polyakov; Yablonski, Karnitski (Rodionov, 86'), A. Volodko, M. Volodko (Yakovlev, 81'), Gordeychuk (Olekhnovich, 92') ; Signevich.
Athletic Club: Iraizoz; Iraola (Toquero, 77'), Laporte, San Jose, Balenziaga; Beñat, Iturraspe, Ibai (De Marcos, 46'), Rico (Susaeta, 46'); Muniain eta Aduriz.
Golak:
1-0, 19', Polyakov.
2-0, 41', Karnitski.
2-1, 45', Aduriz.
H multzoko emaitzak, 2. jardunaldia:
BATE Borisov 2 - Athletic Club 1
Shakhtar Donetsk 2 - Porto 2
H multzoko sailkapena:
1. Porto 4
2. BATE 3
3. Shakhtar Donetsk 2
4. Athletic Club 1