Adierazpenak
Txapeldunen Ligatik at egotea ez da porrota, Mikel Ricoren arabera
Erredakzioa
Europan jarraitzeak "ilusio handia" egiten diela esan du, eta horregatik geratzen diren bi partidetan dena emango dutela.
Mikel Rico Athleticeko jokalariak Txapeldunen Ligari buruz hitz egin du gaur, eta bere ustez ez da "porrot" bat txapelketatik at egotea. Hala ere, taldeak ez duela mailarik onena eman aitortu du.
"16 urte geroago Txapeldunen Ligarako txartela lortzen baduzu, at geratzen bazara eta porrotzat hartzen bada...nik ez dut horrela ikusten. Nire ustez azken hilabetean ez dugu mailarik onena eman eta horrek ligan zein Txapeldunen Ligan eragina izan du", adierazi du.
Europan jarraitzeak "ilusio handia" egiten diela esan du, eta horregatik dena emango dute geratzen diren bi partidetan (Ukrainan Shaktar Donetsken aurka eta San Mamesen BATE Borisoven kontra). Multzoko hirugarren postua dute helburu.
Baikor agertu da bizkaitarra eta Europan ligan lortutako bolada onari "jarraipena ematea" espero du.