Itxi

Urrezko hiru puntu

Athleticek arnasa hartu du Levanten (0-2)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Ernesto Valverderen taldeak urrezko hiru puntu lortu ditu Ligako azken sailkatuaren etxean, Adurizen golei eta Iraizozen geldiketa bikainei esker.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Urrezko hiru puntu lortu ditu Athleticek Valentzian, Levanteri 0 eta 2 irabazita. Merezitako garaipena erdietsi dute bilbotarrek, baina zenbait momentutan ederto sufrituta. Aduriz erabakigarria izan da taldearentzat, beste behingoz, bi golak donostiarrak egin ditu. Eta Gorka Iraizozek ere zeresan handia izan du garaipenean, bi geldiketa ikaragarri egin baititu Levanteren gola saihesteko.

Lehen zatia erritmo biziarekin hasi da, batez ere, zuri-gorrien aldetik. Normalean San Mamesetik kanpo agertu ohi duen baino jarrera erasokorragoa izan du Ernesto Valverderen taldeak.

Bilbotarrek ondo presionatu dute lehen ordu laurdenean, eta baloi ugari lapurtu dituzte. Horrek Mariñoren area inguruan arriskua sortzeko aukera eman die. Lehen abisua Gurpegik eman du, buruz, 7. minutuan.  Baina lehen zatiko aukerarik argiena 12. minutuan izan du Iker Muniainek: Balenziagak erdiraketa ona egin du, eta nafarraren errematea langara joan da.

Baina lehen ordu laurdenaren ostean, Athleticen errendimentuak behera egin du, nabarmen, eta Lucas Alcarazen taldeak ondo aprobetxatu du egoera. Jaun eta jabe izan dira etxekoak atsedenaldira arte eta gola egiteko aukera argiak izan dituzte: Camarasak urrutitik jaurti eta baloia kanpora joan zaio, gutxigatik. Ondoren, Iraizozek sekulako geldiketa egin du, Simaoren gola saihesteko.

Valverderen mutilak erlojuari begira iritsi dira atsedenaldira.

Adurizen gola

Zuri-gorrien entrenatzaileak ondo estutu ditu jokalariak aldagelan, izan ere, taldeak jarrera oso desberdinarekin hasi du bigarren zatia. Valverdek Susaeta sartu du Unai Lopezen ordez, eta aldaketa horrek eragina izan du bizkaitarren jokoan. Bigarren zatiko 4. minutuan, Aritz Adurizek gola egin du, gol ederra, gainera. Baloia arean jaso, bularrarekin bikain kontrolatu eta Mariño gainditu du, jaurtiketa indartsua eginda.

53.ean, Muniainek bigarrena egiteko aukera paregabea izan du, baina buruz, eta plantxan, egindako jaurtiketa desbideratuta atera zaio.

Ondoren, Levantek susperraldia izan du eta Athletic estu eta larri izan da zenbait minututan. Baina Gorka Iraizoz oso erne ibili da, Xumetrak eta Ruben Garciak egindako jaurtiketei erantzun bikaina emanda.

Sufrimenduak 89. minutuan amaitu dira, Aritz Adurizek bigarren gola egin baitu, Susaetak gidatutako kontraerasoa ederto amaituta.

Azkenean, 0 eta 2, zuri-gorriek arnasa hartu dute Ligan, urrezko hiru puntu lortuta. Igandean, Bartzelona dator San Mamesera.

Fitxa teknikoa:

0 - Levante: Mariño, Morales, Vyntra, El Adoua, Juanfran, Simao (Diop, 46. min), Camarasa, Xumetra, Casadesús, Ivanschitz (Uche, 57. min) eta Barral (Rubén, 70. min).

2 - Athletic: Iraizoz, Iraola (Etxeita, 90. min), Gurpegui, Laporte, Balenziaga, Iturraspe, Mikel Rico, Unai López (Susaeta, 46. min), De Marcos, Muniaín (San José 79. min) eta Aduriz.

Golak: 0-1, 48. min: Aduriz. 0-2, 89. min: Aduriz.

9. min: Aduriz.

Albisteak (3)

Bideoak (1)