1-0
Athleticek ez du amore eman eta garaipena lortu du Rayoren aurka
S.L. | eitb.eus
Zuri-gorriek sufritutako eta merezitako garaipena lortu dute San Mamesen, Aritz Adurizek 85. minutuan egindako golari esker.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek merezitako eta sufritutako garaipena eskuratu du Rayo Vallecanoren aurka (1-0), igandean San Mamesen jokatutako norgehiagokan. Aritz Aduriz izan da partidako golegilea.
Erritmo eta intentsitate handikoa izan da Katedraleko lehen zatia. Arriskua bi areatan egon da, baina gol-aukera argienak zuri-gorrienak izan dira.
Unai Lopezek izan du, 5. minutuan, markagailua estreinatzeko aurreneko abagunea, baina jokalari gazteak kanpora bidali du Adurizen pasea.
22.ean, 1-0ekoa sartzeko zorian izan da Laporte, baina Toño atezainaren erantzuna ezin hobea izan da. Atzelariak buruz errematatu ostean, harmailetan gola ospatzen hasiak ziren, baina atezainak geldiketa bikaina egin du.
47.ean, baliorik gabe utzi du epaileak Mikel Ricok baselinaz egindako gola. Marrazainak jokoz kanpokoa adierazi du, baina okertu egin da. Boladaka jokatu du Ernesto Valverderen taldeak, baina baloiaren jabetza eskuratu du eta gehiago merezi izan du.
Athletic golaren bila zelairatu da bigarren zatian, dena emateko prest, baina norgehiagoka irekiegi zegoen, jarraitasunik gabe. 57.ean, gutxigatik ez du Ricok gola egin, baina area barruan heldu zaion aldaratzea kanpora bidali du.
Talde bilbotarra aurkaria baino gehiago izan da, arriskua sortu du, eta golaren bila ibili da. Williams 65.ean zelairatu da, Muniainen ordez, eta gazteak freskotasuna eman dio taldeari. Williamsek berak izan du, 79.ean, gola egiteko parada, baina Toñok baloia gelditu du.
Amaierara iristeko bost minuturen faltan jaso du Athleticek saria. Jokaldi nahasi batean, Adurizek ez du barkatu eta sarera bidali du baloia. Ondorioz, partida hori irabazita, Valverderen gizonek 27 puntu dituzte dagoeneko.
Hurrengo ostegunean, Europa Ligako final-hamaseirenetako itzuliko partida jokatuko du Athleticek, Torinoren aurka, eta igandean, Ligako hitzorduan, Eibarri egingo dio bisita.
Fitxa teknikoa:
1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San Jose, Rico; Susaeta (Ibai, 80'), Unai López (De Marcos, 34'), Muniain (Williams, 64'); eta Aduriz.
0 - Rayo Vallecano: Toño (Cristian Alvarez, 46'); Tito, Zé Castro, Amaya, Nacho (Morcillo, 46'); Lica, Fatau, Jozabed, Kakuta; Bueno; eta Leo Baptistao (Manucho, 67').
Golak:
1-0, 86': Aduriz.