Ipuruan
Athleticek eraman du derbia, Eibarri 0 eta 1 irabazita
Leire Etxazarra | eitb.eus
Armaginek burua altxa ezinda jarraitzen dute; dagoeneko, sei partida galdu dituzte jarraian. Bilbotarrek, aldiz, beste hiru puntu garrantzitsu lortu dituzte, Gurpeguik 37an egindako golari esker.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek garaipena lortu du Ipuruan Eibarren aurka jokatutako derbian, 0 eta 1, Carlos Gurpeguik 37. minutuan sartutako golari esker.
Zuri-gorriek beste hiru puntu lortu dituzte, iragan asteburuan Rayoren aurka ere garaile atera baitziren. Armaginez, berriz, krisian murgilduta jarraitzen dute, gaurkoa seigarren porrota jarraian baita Garitanoren taldearentzat.
Partida orekatua egon da lehen zatian: Valverdek Williams eta Guillermo hasieratik atera ditu, eta Aduriz aulkian utzi du. Aldaketa horiek eragina izan dute jokoan, bilbotarrek bizitasun handiagoa agertu baitute, erasora gehiagotan jo dute, baina defentsan ziurtasun puntu bat falta izan zaie.
Eibarren, berriz, Jaime hasierako hamaikakoan sartu da, Iruretaren ordez. Gipuzkoarren atezaina bere taldeko onena izan da, nabarmen, behin baino gehiagotan Athleticen golak saihestu baititu, erantzun bikainak emanda.
Neurketako gol bakarra 37. minutuan iritsi da: Muniainek baloia korner baten ostean jaso du, De Marcosi utzi, eta honek baloia areara bidali du, goitik, Gurpeguik buruz errematatu eta baloia Eibarren atean sartzeko.
Atsedenaldira iritsi aurretik, Athleticek bi aukera oso argi izan ditu bigarren gola egiteko, baina Jaime zuhur aritu da markagailuko aldea handitzea ekiditeko.
Bigarren zati kaskarra
Partida gotik behera aldatu da bigarren zatian: jokoa asko nahastu da eta gol aukera oso gutxi sortu dituzte bi taldeek.
Valcerderen taldeak agintea etxeko taldeari utzi dio. Eibar gora egiten saiatu da, baina bidean zailtasun gehiegi aurkitu du eta ez du arrisku handirik sortu.
Aukerarik argiena, bigarren zatiko bakarra, Adurizek izan du. Donostiarra bigarrem zatian atera da Guillermoren ordez. 82. minutuan baloia errematatu du, baina Jaime, berriro ere, bikain aritu da eta baloia aldentzea lortu du.
Azkenean, 0 eta 1, Athletic nagusi. Eibarrek lehenbailehen amaitu behar du azken asteetako bolada txarrarekin.