Itxi

Celtaren aurka (1-2)

Bi aurpegiko Athleticek laugarren garaipena jarraian lortu du

S.L. | eitb.eus

Zuri-gorriak jaun eta jabe izan dira lehen zatian, eta markagailuan aurrea hartu dute (0-2), baina bigarrenean erabat aldatu da neurketa eta hasieran uste baino gehiago sufritu behar izan dute.

Athletic, gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek bolada onari eutsio dio eta Celtaren aurka laugarren garaipena jarraian erdietsi du (1-2). Bi aurpegi ezberdin erakutsi ditu talde zuri-gorriak, baina, sufritu duen arren, hiru puntuak eskuratu ditu.

Partidak erritmo handiko hasiera izan du, baina jabe argirik ez. 16. minutuan epaileak Augusto Fernandezek Iker Muniaini egindako penaltia adierazi du, eta Aritz Adurizek ez du hamaika metroetatik huts egin (0-1).

Valverderen gizonak eroso sentitzen hasiak ziren, eta hiru minutu geroago Adurizek berak izan du bigarrena sartzeko parada. Williamsek pase ona eman dio, baina donostiarrak lekurik gabe geratu da Sergio atezainari aurre egin dionean. 25.ean, indartsu jaurti du Oscar de Marcosek eskuinarekin, eta baloia kanpora joan da gutxigatik.

Athletic zen jaun eta jabe eta Berizzoren taldea erabat apurtuta zegoen. Zuri-gorriek egoera baliatu dute eta 31.ean 0-2koa egin du Mikel San Josek. Beñatek kornerra atera du, Adurizen burukadak langan jo du eta aldaratzea San Joseri heldu zaio. Atzelariak oina baino ez du jarri behar izan.

Atsedenaldira heltzeko lau minuturen faltan, pase bikaina eman dio Williamsek Adurizi, baina aurrelariari luzeegia joan zaio kontrola. Urrezko gol-aukera izan da.

Athletic hirugarrenaren bila zelairatu da bigarren zatian, eta Aduriz erdiesteko zorian izan da 46.ean. Williamsek eskura jarri dio gola, baina aurrelariak kanpora bidali du, ezustean. Athleticeko golegilea 54.ean lesionatu da eta Guillermo sartu da bere ordez. Itxaron beharko dugu lesioaren garrantzia ezagutzeko.

Partida orekatu egin da, eta Celtak gola zuen helburu. Eta 63.ean lortu du. Larriveyk buruz errematatu du Orellanaren erdiraketa ona, eta 1-2koa egin du. Golak konfiantza eman dio etxeko taldeari eta Athletic erabat desorekatu du. Iturraspe zelairatu da, Ibairen ordez.

Athletici oso luzea egin zaio norgehiagokako azken ordu erdia, eta Celtak partida berdintzeko abaguneak izan ditu. Bilbotarrek gizon bat gutxiagorekin egin diete aurre partidako azken minutuei, San Joseri bigarren txartel horia erakutsi baitio epaileak. Guillermo partida erabakita uzteko gol-aukera izan du 89.ean, baina indartsuegia jo eta kanpora bidali du.

Fitxa teknikoa:

1 Celta: Sergio Alvarez; Hugo Mallo (Bongonda, 85'), Cabral (Hernandez, 90'), Fontas, Jonny; Augusto Fernandez, Krohn-Dehli, Alex Lopez (Santi Mina, 58'); Nolito, Orellana eta Larrivey.

2 Athletic Club: Iraizoz, De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenciaga; San Jose, Beñat; Munian, Williams (Susaeta, 86'), Ibai Gomez (Iturraspe, 62'); Aduriz (Guillermo, 54').

Golak:

0-1. 16': Aduriz;

0-2. 31': San José;

1-2. 63': Larrivey.

 

rivey.

 

Albisteak (3)

Bideoak (1)