Banakoa
Azken minutuan berdindu du partida Athleticek (1-1)
Leire Etxazarra | eitb.eus
Aritz Adurizen golak puntu bat eman die zuri-gorriei, Valentziak irabazita izan duen partidan. Donostiarrak jokoz kanpo egon da gola egin duenean, baina banakoa bat dator zelaian ikusitakoarekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek puntu bat salbatu du San Mamesen, Aritz Adurizek 90. Minutuan jokoz kanpo sartutako golari esker. Zuri-gorriek 10 jokalariren aurka jokatu dituzte azken minutuak, epaileak Otamendi kaleratu duelako. Valentziarren gola De paulek egin du, bilbotarrak hobeto jokatzen ari zirenean.
Athleticeko jokalariek babesa agertu diote Iker Muniain taldekideari, nafarrak Sevillan min-hartu ostean 6-7 hilabete emango dituelako bajan. Bilbotarrek ?Animo Muni? leloa idatzita zuten kamisetekin atera dira berdegunera.
Lehen zatia kaskarra izan da, erritmorik gabekoa, eta bi taldeek oso aukera gutxi izan dituzte. Alcacerrek izan du argiena Valentziarrentzat. Bilbotarren aldetik, Gurpeguik korner baten ondorioz egindako burukada izan da argiena.
Lehen zatian Aritz Adurizi txartel horia atera dio epaileak, bosgarrena, eta aurrelariak ezin izango du Espanyolen aurkako partida jokatu.
Lehoiek hobera egin dute minutuek aurrera egin ahala, eta Valentzia bere zelaian sartuta eduki dute atsedenaldiaren atarian, baina ez dira fin ibili Diego Alvesen atea zulatzeko orduan.
Bigarren zatian,Valverderen taldea erasora atera da, nabarmen. 46. Minutuan Etxeitak lehen gola sartzeko aukera izugarria izan du, baina atzelariaren burukadari erantzun bikaina eman dio Diego Alves atezainak. Pena.
Handik 10 minutura, 56.ean, Otamendik gol marratik bertatik atera du Adurizen burukada. Athleticen minuturik onenak izan dira.
Valentziaren gola
Eta momento horretan bertan egin du gola Nunoren taldeak: Alcacerrek baloia pasatzen utzi du eta De Paulek baloia Iraizozen atean sartu du, atzelari zuri-gorrien moteltasuna aprobetxatuta.
Valentziak bi aukera oso argi izan ditu partida erabakitzeko, 79an eta 81ean, biak De Paulen bidez, baina Iraizozek erantzun bikaina eman die biei.
Aduriz, jokoz kanpo
Epaileak Otamendi kalera bota du falta gogor baten ondorioz 82. minutuan, eta 90.ean banakoa iritsi da: Adurizek pasea Vigerari eman dio, horren erremateak zutoinean jo du eta baloia donostiarrari iritsi zaio, jokoz kanpoko posizioan. Adurizen errematea ate barruan sartu da. Banakoa.
Azkenean, puntu banaketa San Mamesen. Athleticek zazpigarren postuarekin ametsetan jarraitzen du.
Fitxa teknikoa:
1 - Athletic: Iraizoz; De Marcos, Gurpegui, Etxeita, Balenziaga; San José, Rico (Viguera, 70. min); Williams, Unai López (Beñat, 54. min), Ibai (Susaeta, 70. min); eta Aduriz.
1 - Valentzia: Diego Alves; Barragán, Mustafi, Otamendi, Orban; Feghouli, Javi Fuego, André Gomes, Piatti (De Paúl, 26. min); Rodrigo (Joao Cancelo, 84. min) eta Alcácer (Negredo, 71. min).
Golak: 0-1, 61. min: Rodrígo de Paul. 1-1, 90. min: Aduriz.