Kopako Finala
37.741 sarrera Athleticentzat, 40 eta 190 euro artean
Erredakzioa
75.000 sarrera bi taldeentzat izango dira, eta Espainiako Futbol Federazioak 20.000 inguru izango ditu. Neurketa 21:30etan izango da, Nou Campen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Errege Kopako Finala jokatuko duten bi taldeek, Athleticek eta Bartzelonak, eta Espainiako Futbol Federazioak partidaren ordua eta sarreren banaketa erabaki dute. Hedabide batzuen arabera, talde bakoitzak 37.741 eserleku izango ditu, eta federazioak, 20.000 bat. Ia 99.000 ikusle sartzen dira, guztira, Nou Camp zelaian.
Sarrera merkeenek 40 euro balioko dute (Ipar eta Hego orokorrak), eta garestienek, 190 euro (bigarren harmaila), federazioaren egoitzan egindako batzar batean erabaki duten bezala, Las Rozasen (Madril).
Partida 21:30etan izango da, adostutako data eta lekuan: maiatzaren 30ean, larunbata, Bartzelonako Nou Campen. Etxeko bezala arituko da Athletic, antzinatasunagatik.
Asteazkenean, taldeek eta federazioak zalegoak zelaian non kokatu eta hirian zeharreko zaleentzako guneak non jarriko dituzten erabakiko dute.