Itxi

Puntu mingotsa

Luzapenean berdindu dio partida Deportivok Athletici (1-1)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Zuri-gorriek bigarren zati negargarria jokatu dute eta galiziarren mende izan dira. Bilbotarren gola Aritz Adurizek egin du, lehen zatian.

Aritz Aduriz, bilbotarren golaren jokaldian. Efe.

Athleticek garesti ordaindu du Deportivoren  aurka egindako bigarren zati negargarria. Lehen 45 minutuetan txukun aritu da talde zuri-gorria, eta Adurizen golak aurretik jarri ditu markagailuan. Baina atsedenaldiaren ostean, bilbotarrak partidatik desagertu dira, eta Deportivok estu eta larri jarri ditu behin eta berriro arriskua sortuta.

Lehen zatian ere aukeraren bat izan dute galiziarrek; are gehiago, gola sartzea lortu dute, baina epaileak hanka sartu du Bergantiñosek erasoan falta egin duela adierazi eta gola baliorik gabe utzi duelako. Huts galanta egin du epaileak.

Athleticek ondo hasi du partida, eta De Marcos lehen aldiz egin ditu kapitain lanak. Lehen ordu laurdenean erraz eta sarri iritsi dira Fabrizioren inguruetara. Errematean asmatzea bakarrik falta izan zaie.

Lehoiak jaun eta jabe izan dira zelaian eta Aritz Adurizen gola nagusitasun horren ondorioa izan da. 13. minutuan Athletic aurretik jarri du donostiarrak. Beñatek falta bat atera du, Laportek baloia ukitu eta arean jarri du, eta Adurizek, indartsu, buruz jo du baloia galiziarren ate barrura sartzeko. Adurizek 83 gol egin dutu dagoeneko Athleticekin, Pichichi mitikoak egindako gol kopuru bera.

Baina golaren ostean, zuri-gorriak behera egiten hasi dira, eta Deporrek, aldiz, hobera egin du. 30. minutuan, Luisinho berdinketa egitear izan da, baina errematea kanpora joan zaio, gutxigatik. Eta 41ean, baloia Herreriren atean sartu da, baina epaileak baliorik gabe utzi du, erabaki okerra hartuta.

Bigarren zati negargarria

Atsedenaldiaren ostean, gauzek okerrera egin dute. Motel, ideiarik gabe eta trakets aritu da Athletic. Velverderen taldea ez da gai izan partida errematatzeko, ezta galiziarrei eusteko ere. Hala ere, Adurizek bigarrena egiteko aukera bikaina izan du, baina errematea Fabriciok ukitu eta baloiak langan jo du.

Deporrek erasoan jarraitu du, jo eta ke. 81.ean, San Josek galiziarren berdinketa saihestu du, baloia azken momentua urrunduta. Partida kontrolik gabe egon da; eta Athletic, galduta. Azkenean, Deportivok merezitako saria lortu du berdinketa luzapenean eginda. Herrerin ez da batere ondo aritu galiziarren golan. Azkenean, 1-1, bidezko emaitza San Mamesen.

za San Mamesen.

Albisteak (4)