Barça-Athletic
Errege Kopako finalari jarraipen berezia EiTBn
A.A.
EiTB
Bartzelonako eta Bilboko giroaren berri ETBn, eitb.eus-en, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bartzelonak eta Athleticek jokatuko duten Errege Kopako finalaren inguruko jarraipen berezia egingo dute EiTBko medio guztiek. Bilboko eta Bartzelonako giroaren berri emango dute ETBko saio berezietan, eitb.eus-en, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin.
Astelehenetik, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan tarte bereziak zabaldu dituzte. Talde zuri-gorriaren prestaketaren berri emateaz gain, taldeak Kopan egindako ibilbideari eta bitxikeriei buruzko erreportajeak eta zaleen inguruko berriak eskaini dituzte. Horiek guztiak ikusgai daude eitb.eus-en, Athleticen atarian .
'¡Aupa Athletic!', ETB2n
Gaur, 13:30etik 21:00ak arte (tartean eguerdiko 'Teleberria' eskainiko da), saio berezia gidatuko dute Klaudio Landak eta Jose Ituartek, zuzenean, Bartzelonatik. eitb.eus-en ere izango dugu saioa ikusgai.
'¡Aupa Athletic!' saioan zuzeneko konexioak egingo dituzte Bartzelonan, Bilbon eta Bizkaiko herrietan izango dituzten zuzeneko puntuekin. Kontakizuna egiteko lan talde zabala arituko da lanean: Adela Ucar, Karmele Azkoitia, Roberto Vazquez, Inma Zabaleta, Joana Lasheras, Idoia Altuna eta Ainhoa Garcia kazetariak, besteak beste.
Saiora hurbilduko direnen artean daude, besteak beste, Ibon Areso Bilboko alkatea, Iñigo Urkullu lehendakaria, Xabier Trias Bartzelolako alkatea eta beste zenbait ordezkari politiko, hala nola, Itxaso Atutxa, Idoia Mendia, Nerea Llanos eta Jone Goirizelaia.
ETB2n ezagunak diren kolaboratzaileak eta gonbidatu bereziak ere izango dituzte: Asier Hormaza, Iñaki Uranga, Fernando Canales, Herri Torrontegi edo Fran Yeste adibidez.
'Athletic Zuzenean', ETB1en
21:00etan, ETB1en 'Athletic Zuzenean' saioa gidatuko dute Txemi Galarragak Bartzelonatik eta Sara Gandarak Bilbotik. Lau orduko saio honetan, San Mames estadioa izango dute arretagune nagusi, finala bertatik jarraituko baitute milaka herritarrek. Joseba Urkiola eta Iban Bengoetxea izango ditugu bertako festa-giroaren berriemaile. Halaber, hiriko beste hainbat tokirekin konexioak egingo dituzte, hitzordua nola bizitzen ari den jakiteko, Plaza Barriarekin (Amane Ibañez) eta Poza Lizentziatua kalearekin (Iker Zabala), eta Bermeora ere joko dute. Finala amaitutakoan, norgehiagokaren analisia egingo dute, eta protagonistak elkarrizketatuko dituzte.
Finala Euskadi Irratian eta Radio Euskadin
Lantalde zabala bidaliko dute Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere Bartzelonara. Euskadi Irratiari dagokionez, Athleticen jarraipena egin ohi duen Aritz Gallastegirena izango da kirol arloko berrien eta finalaren kontakizunaren ardura. Alboan izango ditu Maitane Urbieta eta Lander Eizagirre kazetariak ere, zelaian eta zelaitik kanpora, Athletic Hirian gertatzen denaren berri emateko.
Gaur hasi dira Kataluniako hiriburura egingo duten milaka jarraitzaileen bidaia kontatzen. Konexioak egin dituzte egun osoz bidetik eta Bartzelonatik. Bihar, zuri gorritutako argazkiak bidaliko dituzte, etengabe, bertatik. Arratsaldean, 'Hiru Erregeen Mahaiak' saio berezia egingo du 16:00etan hasi eta gauerdira arte.
Radio Euskadi ere hurbiletik jarraitzen ari da Barça-Athletic finalaren inguruko guztia, eta bihar, larunbata, tarte garrantzitsua izango du programazioan. Halaber, 18:00etan hasita, 'Kirolaldia' irratsaioa berezia eskainiko da. Bartzelonatik emango dute partidaren eta partidaren inguruan jazotzen den guztiaren berri Alberto Negrok, Asier Careagak, Cesar Perez Gazolazek eta Joseba Agirrek. Bilboko lan-taldeak, hiriburuan eta Bizkaian bizi den giroaren berri emango du.