Bigarren B maila
Adelante Ligara igotzeko play-offetan jarraitzen du Bilbao Athleticek
Mikel Dominguez | eitb.eus
Real Unionek luzapenean galdu du UCAM Murtziaren aurka, eta ez du Adelante Ligan jokatuko. Iturraspek eta Santamariak egin dituzte zuri-gorrien garaipenaren golak.
Bilbao Athleticek Villanovenseri irabazi dio, eta Adelante Ligara igotzeko play-offetan hurrengo kanporaketara igaro da. Real Unionek, aldiz, Murtzian galdu du, eta kanporatuta geratu da. Real Oviedo eta Nastic Bigarren Mailan daude jadanik, eta Bigarren B mailako titulua izango dute jokoan.
Bilbao Athletic, San Mames lagun, partidan sartuta zelairatu da. Seguinek zutoina jo du 4. minutuan. Lehenengo zatia erritmoz beteta egon da. Berdinketa ona zen Villanovense taldearentzat, eta Bilbao Athleticek gol bat behar zuen aurrera egiteko.
Athleticeko jokalariak nagusi izan dira eta aurkaria estutu dute, baina oso ondo aritu dira defentsan Extremadurakoak, eta lehenengo zatian eutsi egin diote markagailuari.
Atsedenaldiaren ostean, Villanovensek erantzuna eman dio Bilbao Athleticen hasierako nagusitasunari, Carlosen aukera batekin, buruz, 54. minutuan, baina bat gutxiagorekin geratu dira; izan ere, Tapiak bigarren txartel horia ikusi du 60. minutuan.
Hortik aurrera, hurbilago ikusi du garaipena Bilbao Athleticek, aurkariaren ateari begira beti. Sabinek baloia sartu du atean, baina epaileak gola baliogabetu du, faltagatik.
86. minutuan iritsi da saria. Gorka Iturraspek, lehen taldeko Iturrasperen anaiak, gol ederra sartu du. Azken minutuetan, Carlosek txartel gorria ikusi du, sarrera itsusi bat egiteagatik.
Santamariaren golak, luzapenean, ziurtatuta utzi du Bilbao Athleticen garaipena. Horrela, zuri-gorriek hurrengo kanporaketarako txartela lortu dute.
Real Unionen ametsa, hautsita
Real Union play-offetatik kanpo geratu da, eta ez du hurrengo urtean Adelante Ligan jokatuko. UCAM Murtziaren aurka izan du aukera, joanekoan 0-0 berdinduta bukatu ostean, baina luzapenean joan egin zaio partida.
UCAM Murtziak intentsitate handiagorekin hasi du norgehiagoka. 10. minutuan izan du lehenengo aukera Hugo Diazek. Aukera gehienak etxeko taldearenak izan dira.
Atsedenaldia iritsi baino lehen, Sidati-Malainine kanporatu du epaileak, eta bigarren zati osoa bat gutxiagorekin jokatu behar izan du Real Unionek. Hala ere, emaitzari eutsi dio, atzean egindako lan onari esker.
Luzapenean, baina, Javi Gomezek gola sartu du buruz, eta gipuzkoarren porrotarekin bukatu da norgehiagoka. Aitor Zulaika entrenatzailea ere kanporatu du epaileak.