Itxi

Joaneko partida

Athleticek bigarren zatian galdu du irabazita zuen partida (3-2)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Zuri-gorriek 0-2ko abantaila erosoa zuten atsedenaldian, Sabin Merinok eta Kike Solak egindako golei esker. Porrotaren gola 92. minutuan hartu dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Athleticek ederto bideratuta izan duen partida galdu du, luzapenean, Zilinaren aurka, Europa Ligako joanekoan. Valverderen mutilek bigarren zati oso txarra egin dute, eta, ondorioz, 3-2koaren ostean, San Mamesen erabaki beharko dute kanporaketa.

Emaitza ez da izan partidako albiste txar bakarra. Bestea, Iñaki Williamsen lesioa izan da. Aurrelari gaztea bigarren zatian atera da, Boisen (AEB) izandako lesioa osatuta, baina minutu gutxi batzuk geroago, min hartu du berriro, eta zelaia utzi behar izan du. Athleticek aditzera eman duenez, Williamsek lesio muskularra du eskuin hankako iskiotibialetan.

Neurketako lehen minutuetan Zilina jaun eta jabe izan da, eta aukera pare bat izan ditu markagailuan aurrea hartzeko. Baina minutuek aurrera egin ahala, zuri-gorriak jokoaren kontrola hartzen joan dira, eta horren ondorioz iritsi da lehen gola, 16 minutuan. Sabin Merino gazteak egin du (bere lehenengo gola da lehen taldearekin), Ibai Gomezek egindako pase bikaina aprobetxatuta.

Hortik aurrera, Valverderen taldea jaun eta jabe izan da berdegunean. Zilinak behera egin du nabarmen, eta huts ugari egi dituzte defentsan. Huts batez baliatuz lortu dute bilbotarrek bigarren gola. Atzelari eslovakiarrek Kike Solari oparitu diote baloia , eta honek etxekoen atezaina gainditu du.

Atsedenaldiaren atarian, Ibaik hirugarrena egiteko aukera argia izan du, baina ez du asmatu.

Bigarren zati kaskarra

Bigarren zatiko lehen minutuak lehen zatikoak bezalakoak izan dira, etxeko taldea izan baita nagusi berdegunean. Athletic lo atera da aldageletatik, eta Zilinako jokalariek ondo aprobetxatu dute egoera.

Hala ere, Gurpeguik aukera paregabea izan du hirugarrena egin eta partida erabakita uzteko, korner batean boleaz egindako erremateari esker, baina baloia kanpora joan zaio nafarrari, oso gutxigatik. Eta lehoiak suspertzen ari zirenean iritsi da eslovakiarren gola. Paurrek egin du, bere jaurtiketak Lekueren gorputzean jo eta Herrerin despistatu ostean.

Valverdek Beñat eta Williams sartu ditu ondorengo minutuetan, Mikel Ricoren eta Sabin Merinoren ordez. Williamsen berragerpena izan da, Boisen (AEB) jokatutako lagunartekoan lesionatu ondoren, baina baloi pare bat jokatu ostean, min hartu du berriro.

Bitartean, Zilinak bigarrena egin eta markagailuko aldea ezerezean utzi du. Williamek egin du 76. minutuan, Athleticek zelaiaren erdian baloia galdu ostean.

Luzapenean, 94. minutuan, etxekoen hirugarrena egin du Williamek berak, bertako zaleen zoramenerako. 3-2koak kanporaketa iraultzera behartzen ditu bizkaitarrak. Itzuliko partida astebete barru jokatuko dute, datorren ostegunean, San Mamesen.

Fitxa teknikoa:

3 - MSK Zilina:
Volesak; Mabouka (William, 56. min), Vavro, Skriniar, Letic; Pecovsky, Kacer; Cmelik (Mihalik, 72. min), Benes (Skvarka, 88. min), Paur; eta Jelic.

2 - Athletic:
Herrerín; Bóveda, Gurpegui, Laporte, Lekue; Elustondo, Mikel Rico (Beñat, 70. min); Sabin Merino (Williams, 74. min; De Marcos, 82. min), Aketxe, Ibai Gómez; eta Kike Sola.

Golak:
0-1, 16. min: Sabin Merino. 0-2, 33. min: Kike Sola. 1-2, 66. min: Paur. 2-2, 77. min: William. 3-2, 94. min: William.


Albisteak (1)

Bideoak (2)