San Mamesen
Athletic nahi eta ezin aritu da Bartzelonaren aurka (0-1)
Leire Etxazarra | eitb.eus
Luis Suarezen golak denboraldiko lehen hiru puntuak eraman ditu San Mamesetik. Bilbotarrei nekea nabaritu zaie, baina Bartzelonak ez du aukera askorik sortu. Iraizozek penalti bat gelditu dio Messiri.
BBVA Ligako lehen hiru puntuek ihes egin dute San Mamesetik. Athleticek ezin izan du Bartzelona gainditu eta 0-1 galdu du, Luis Suarezek egindako golaren ondorioz. Bilbotarrei nekea nabaritu zaie, baina ez dira kataluniarrak baino gutxiago izan.
Zuri-gorriei indar falta nabaritu zaie, eta ez dute aurreko neurketetan agertutako indar berezi hori erakutsi; izan ere, lau partida ofizial jokatu dituzte dagoeneko, 10 egunetan.
Gol-aukera gutxiko neurketa izan da, Bartzelona baloiaren jabe izan den arren ia denbora guztian. Lehen aukera argia Leo Messik izan du, epaileak Luis Suarezi egindako penaltia adierazi ostean. Telebistako errepikapenean argi geratu da Elustondok ez diola uruguaitarrari penaltirik egin. Messik jaurti du penaltia, eta Iraizozek erantzun bikaina eman dio. Eskua atera eta baloia aldentzea lortu du atezain nafarrak.
Lehen zati honetan, Bartzelonak partidaren kontrola izan du, baina zuri-gorriei estualdi handirik sortu gabe. Ernesto Valverderen taldeak ez ditu hegalak erabili, eta Barçari eusten saiatu da, halakoren batean kataluniarrak ezustean harrapatzeko itxaropenarekin. Baina ez dute horretarako aukerarik izan.
Balenziagaren lesioa
Bigarren zatiaren hasieran, Mikel Balenziagak min hartu du, eta aldatu egin behar izan dute. Eneko Boveda atera da haren ordez. Handik gutxira iritsi da Bartzelonaren gola. Jordi Albak ezkerretik erdiratu du baloia, Luis Suarezi iritsi zaio area txikian, eta uruguaitarrak sarera bidali du, jaurtiketa bortitza eginda.
Golak lehoiak nahasi ditu, eta Bartzelonak ondo aprobetxatu du hori gora egiteko. 60. minutuan, Sergi Roberto bigarren gola egiteko zorian izan da, baina jaurtiketa langara joan zaio.
Athleticek ez du ia gol-aukerarik sortu. Ibai eta Laporte urrutitik saiatu dira, baina zorterik gabe.
Zuri-gorriek ostegunean dute hurrengo hitzordua, Zilinaren aurka San Mamesen, Europa Ligako kanporaketan. Asteburuan, berriz, Eibarri egingo diote bisita.
Fitxa teknikoa.
0 - Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Elustondo, Laporte, Balenziaga (Bóveda, 50. min); Mikel Rico (Gurpegui, 62. min), Beñat; Susaeta, Eraso, Sabin Merino (Ibai Gómez, 62. min); eta Aduriz.
1 - Bartzelona: Bravo; Dani Alves (Sergi Roberto, 19. min), Vermaelen, Mascherano, Jordi Alba; Sergio Busquets (Bartra, 68. min), Rakitic, Iniesta; Messi, Luis Suárez eta Rafinha (Sandro, 82. min).
Golak: 0-1, 54. min: Luis Suárez.