Itxi

Irailaren 3an eta 4an

San Mamesen Superkoparekin argazkia egiteko aukera, 3an eta 4an

Agentziak | Erredakzioa

Athleticek eta Bizkaiko Foru Aldundiak bi jardunaldi berezi antolatu dituzte, aste honetako ostegun eta ostiralerako, San Mames barrutik doan ezagutu eta garaikurraren ondoan argazkia ateratzeko.

Carlos Gurpegui Athleticeko kapitainak jaso zuen garaikurra. Argazkia: EFE.

Athletic Clubek eta Bizkaiko Foru Aldundiak bi jardunaldi berezi antolatu dituzte aste honetako ostegun eta ostiralerako (irailaren 3 eta 4rako, alegia); horietan, zaleek, doan, futbol zelaia barrutik bisitatu ahal izango dute, eta, gainera, argazkia egin ahal izango dute taldeak berriki lortutako Superkoparen ondoan.

Talde zuri-gorriak jakitera eman duenez, bisitariek Katedralera sartzeko ez dute aldez aurretik hitzordurik eskatu edo erreserbarik egin behar. Zaleak heldueraren hurrenkeran sartuko dira San Mamesen, eta ordutegia honakoa izango da: 10:00etatik 20:00etara, etengabe. Sarrera 19. atetik egingo dute.

Athleticek zehaztu duenez, bisita Ekialdeko Tribunan hasiko da, Iparraldekora joango da jarraian, gero Nagusira, eta 1. atean amaituko da. Ezin izango da berdegunera irten edo aldagelak bisitatu. Arestian esan bezala, zelaitik irten baino lehen zaleek argazkia egin ahal izango dute Superkoparen ondoan. Abuztuaren 17an erdietsi zuen titulua Athleticek, Camp Noun, Bartzelonaren aurka.

Bi asmok egiten dute bat

Klubak nabarmendu du bi asmok egiten dutela bat egitasmoan: Aldundiak eta Athleticek zelaia Bizkaiko herritarrei ireki nahi dietela, alde batetik, eta, bestetik, talde zuri-gorriak garaikurra jendearen esku jarri nahi duela.

Gainera, Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu zuten aho batez proposamen bat non eskatzen zuten Athleticek ahalbidetzea herritarrek zelaia ikusteko aukera izatea; izan ere, diru publikoa erabili dute futbol-zelaia eraikitzeko.

San Mamesek orain dela ia bi urte ireki zuten lehen aldiz, 2013ko irailaren 16an. Athleticek eta Celtak estreinatu zuten eta lehoiek irabazi zuten lehen partida hura, 3-2. Charles Dias brasildarrak egin zuen zelai berriko lehen gola, eta Athleticen aldetik San Josek bidali zuen baloia sareetara estreinakoz.

ra estreinakoz.

Albisteak (4)