3-1 Vila-realen aurka
Valverdek hamaikakoa ia guztiz aldatu eta Athleticek porrota jaso du
Erredakzioa
Bederatzi jokalari aldatu ditu Augsburgen aurkako partidatik eta talde zuri-gorriak irudi txarra eman du. Vila-realek 3-1 irabazi dio. Bruno, Mario, Baptistao eta Aduriz izan dira golegileak.
Athleticek 3-0 galdu du Vila-realen aurka Madrigalen BBVA Ligako laugarren jardunaldiko partida. Zuri-gorriek joko kaskarra egin dute, eta Vila-realek merezitako garaipena eskuratu du. Ernesto Valverdek ohiko hamaikakoa ia erabat berritu du. Augsburgen aurkako partidako hamaikakoa kontuan hartuta, bederatzi aldaketa egin ditu, eta taldeak ez du erritmorik ezta ideiarik izan. De Marcosek eta Laportek bakarrik errepikatu dute hamaikakoan.
San Jose eta Mikel Rico ez dira jokoa antolatzeko gai izan eta taldeak Beñaten jokoa faltan bota du. Gainera, aurrealdean erreferentzia diren Aduriz eta Raul Garcia aulkian utzi ditu Valverdek eta Kike Solak eta Erasok ia ez dute baloirik jaso. Aketxe galduta ibili da, eta Sabin Merinok ezer gutxi egin ahal izan du hegaletik. Gainera, partida hutsean berdinduta zihoanean, Gurpegik penaltia egin du, eta Brunok ez du hamaika metroetatik huts egin (1-0). Gola hartu ondoren, Athletic ez da erreakzionatzeko gai izan eta Vila-realen aldeko gol bateko aldearekin iritsi da partida atsedenaldira.
Bigarren zatian, Valverdek ez du aldaketarik egin eta Athleticek lehen zatian bezala jarraitu du, ideiarik eta jokorik gabe. Athleticeko entrenatzaileak Raul Garcia eta Aduriz zelairatu ditu 61. minutuan, baina ezer gutxi egin ahal izan dute. Taldeak ez du jokorik izan eta Vila-realek jaun eta jabe izaten jarraitu du. Horrela, 79. minutuan Baptistaok etxekoen partida biribildu du hirugarren gola sartuta (3-0).
Azken minutuan, Athleticek markagailua pixka bat txukuntzea lortu du Adurizek sartutako golarekin (3-1), baina hiru puntuak Madrigalen geratu dira.
Fitxa teknikoa:
3 - Villarreal: Areola, Bailly, Victor Ruiz, Mario, Jaume Costa, Pina, Bruno, Castillejo, Nahuel (Denis Suarez, 73. min); Soldado (Adrian, 46. min) eta Bakambu (Baptistao, 14. min).
1 - Athletic Club: Iriazoz, De Marcos, Balenziaga, Laporte, Gurpegi, San Jose, Mikel Rico (Beñat, 68. min), Eraso (Raul Garcia, 61. min), Aketxe, Sabin eta Kike Sola (Aduriz, 61. min).
Golak: 1-0, 43. min: Bruno, penaltiz. 2-0, 66. min: Mario Gaspar. 3-0, 80. min: Baptistao. 3-1, 92+ min: Aduriz.
Epailea: Clos Gomez.