Itxi

0-1, Zaragozaren aurka

Bilbao Athleticek burua altxatu ezinda jarraitzen du

Agentziak | Erredakzioa

Zaragozak 0-1 irabazi dio talde zuri-gorriari San Mamesen Angelek 10. minutuan sartu duen golari esker.

Bilbao Athletic-Zaragoza. Argazkia: EiTB

Bilbao Athleticek 0-1 galdu du Zaragozaren aurka San Mamesen eta Adelante Ligako azken postuan jarraitzen du, 13 punturekin. Salbazio postuak gero eta urrunago ditu talde bizkaitarrak.

Zigandak zuzentzen duen taldeak gogotsu ekin dio partidari Iturrasperen eta Unai Lopezen bitartez gola sartzeko abaguneak sortuta, baina Zaragozak izan duen lehen abagunean, 0-1ekoa egin du. Talde bisitariak kornerra atera du 10. minutuan eta Angelek sare barrura bidali du errematea. Golak min egin dio Bilbao Athletici, baina zuri-gorriek lehia berdintzeko aukera izan dute Iriondoren jokaldi on baten bitartez; Zaragozako defentsek, ordea, baloia desbideratzea lortu dute. Atsedenaldira iritsi baino lehenago, talde bisitariak 0-2koa sartzeko aukera izan du, baina Remirok erantzun ona eman dio Pedroren jaurtiketari.

Bigarren zatiaren hasieran Zaragozak beste abagune argi bat izan du, baina ez dira fin ibili Remiroren ate aurrean. 55. minutuan, Zigandak aldaketa hirukoitza egin du berdinketa lortzeko asmoarekin eta Bilbao Athletic arriskua sortzen hasi da. Villalibrek izan du bigarren zatiko abagunerik onena, baina bere errematea gutxigatik kanpora joan da.

Azken minutuetan, Yerayk buruz egindako erremateari erantzun ona eman dio Bono atezainak eta berdinketa eragotzi du. Zaragozak, ordea, bigarren gola lortzeko abagunea dotorea izan du azken minutuan, baina Yerayren eta Remiroren artean bisitaren gola saihestu dute.

Fitxa teknikoa:

0 - Bilbao Athletic: Remiro; Yeray, Gil, Saborit (Undabarrena, 56. min); Etxebarria, Vesga, Iriondo; Guarrotxena (Santamaria, 56. min), Unai Lopez, Iturraspe (Cordoba, 56. min); eta Villalibre.

1 - Zaragoza: Bono; Isaac, Vallejo, Cabrera, Rico; Erik Moran; Angel (Sergio Gil, 78. min), Dorca, Pedro, Abraham (Jorge Diaz, 65. min); eta Ortuño (Buenacasa, 93. min).

Gola: 0-1, 10. min: Angel.

Epailea: Valdes Aller.

Albisteak (3)