Athletic-Getafe
Gabilondo: "Penaltiei buelta asko emanez gero arazo bihurtuko da"
Haritz Gallastegi
Lezama
Erdilari donostiarrarentzat jaurtiketak sartzen hasten direnean berehala ahaztuko da kontua. Iraola osatu da eta prest dago jokatzeko.
Penaltien kontua obesio bihurtu daiteke talde zuri-gorrian. Aspaldian ez dago beste konturik Athleticen inguruan, eta benetako burukominak izan aurretik kontu horrekin amaitzea da jokalarien asmoa. "Aldagelan ez dago eztabaidarik. Kontu hau kanpotik dator. Ez diogu buelta asko eman behar bestela arazo bihur daiteke", esan du Igor Gabilondok. Donostiarra izan zen, hain zuzen ere, talde zuri-gorrian penalti bat huts egin zuen azken jokalaria.
Zuri-gorriak nahiago dute aurrera begiratu. Beste kontu batzuetan dute burua. Getafe da egun euren arazo nagusia. Michelek zuzentzen duen taldea aurkari zuzena izan daiteke europarako bidean, eta horregatik, jakin badakite larunbateko partidak garrantzia handia duela. Hiru puntuak eskuratuz gero atzean geratuko da talde madrildarra. "Europa gure esku dago. Neurketa asko jokatu behar ditugu oraindik, baina huts egiten duenak nabarituko du. Etxean jokatuko dugu aurkari zuzenen kontra. Getafek hegaleko jokalari onak ditu eta erasoan talde arriskutsua da", esan du David Lopezek.
Gabilondoren iritziz erritmo biziarekin jokatu beharko du Athleticek aurkaria mendean hartzeko. Etxeko bolada ona ere lagungarria izango zaiela iritzi dio. "Etxean oso ondo ari gara eta horrek morala ematen du. Aurkariari, berriz, zalantza sortzen dio", adierazi du hegalekoak.
Lan saioari dagokionez, albiste onak izan dira guztiak. Iraola taldearekin entrenatu da eta jokatzeko prest dagoela dirudi. Gabilondok, Castillok eta Iraizozek ere ez dute arazorik izango teknikariaren aginduetara egoteko.