Itxi

2-3

Bilbao Athleticek Mallorcari irabazi eta arnasa hartu du

A.B.

Zuri-gorriek 2-3 irabazi dute bi aldiz emaitza irauli ostean. Etxeberria, Santamaria eta Vesga izan dira golegileak. Zigandak zuzentzen duen taldeak lehen garaipena lortu du etxetik kanpo.

Vesga, garaipenaren gola ospatzen. Argazkia: EiTB

Bilbao Athleticek 2-3 irabazi dio Mallorcari eta garaipen honi esker arnasa hartzen du talde bizkaitarrak. Zuri-gorrien lehen garaipena da etxetik kanpo eta azken postua utzi dute, nahiz eta sailkapenean azkena den Llagosterarekin 18 puntura berdinduta dauden.

Mallorcak hobeto ekin dio norgehiagokari. Etxeko taldea erasokor zelairatu da, eta arriskua sortu du Bilbao Athleticek defendatzen duen ate aurrean. Pereirak eman du lehen abisua area kanpotik egindako jaurtiketa baten ondorioz, eta 13. minutuan Lago Juniorrek sartu du 1-0ekoa Mallorcarentzat. Gola jaso ostean etorri da Bilbao Athleticen erantzuna. Zuri-gorriak hobeto jokatzen hasi dira, eta abaguneak sortu dituzte. Undabarrenak sortu du Bilbao Athleticen lehen abagunea 19. minutuan eta hurrengo jokaldian, Etxeberriak partida berdintzea lortu du (1-1) taldeko jokaldi bikain bati amaiera ezin hobea emanez. Banakoa lortuta talde bizkaitarra izan da baloiaren jabe eta Mallorca kontraerasoen bitartez min egiten saiatu da. Bi taldeetako batek ere ez du gol gehiago lortu eta bana berdinduta iritsi da norgehiagoka atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasiera lehen zatiarenaren antzerakoa izan da. Mallorca erasokor zelairatu eta Bilbao Athletic, larri defentsan. Ondorioz, 47. minutuan Mallorcak 2-1ekoa sartu du Aveldañoren bitartez. Mallorcako erdiko defentsak sare barrura bidali du errematea korner jaurtiketa baten ondoren. Lehen 45 minutuetan gertatu bezala, gola jaso ostean Bilbao Athleticen erreakzioa etorri da. 54. minutuan Santamariak binakoa (2-2) sartu du, jokaldi nahasi baten ondorioz; Mallorcako atezainak kale egin du irteeran, Santamariak errematea egin, defentsak baloia aldendu nahi izan du, baina lurrean egon den Santamariarengan jo eta sare barrura joan da.

Binako berdinketaren ostean, partida ero ibili da. Bi taldeek erasora jo dute, abaguneak sortu dituzte, baina Bilbao Athletic izan da nahasmen horretan lehenengo asmatu duena. 67. minutuan Unai Lopezek erdiraketa bikaina atera eta Vesgak, buruz, sare barrura bidali du errematea (2-3). Talde bizkaitarraren hirugarren golaren ostean, Mallorcak erasora jo du berdinketaren bila eta Bilbao Athleticek kontraerasoan beste gol bat sartzeko abagunea izan du. Bi taldeetako batek ere ez du aurkariaren ate aurrean asmatu eta Bilbao Athleticek lortu ditu hiru puntuak. Mallorcak azken minutuan izan du partida berdintzeko abagunea, baina Jon Ander atezainak errematea desbideratu eta baloiak zutoina jo du.

Fitxa teknikoa:

2 - Mallorca: Wellenreuther; Company, Costas, Aveldaño, Oriol; Pereira, Yuste, Sissoko, Lago Junior (Salomao, 74. min); Brandon (Oscar Diaz, 58. min) eta Acuña (Ortuño, 58. min).

3 - Bilbao Athletic: Jon Ander; Etxeberria, Gil, Ramalho, Yeray, Iriondo; Unai Lopez, Vesga, Undabarrena (Iru, 87. min), Axtetxe (Itu, 82. min) ; Santamaria (Villa libre, 61. min).

Golak: 1-0, 13. min: Lago Junior; 1-1, 21. min: Etxeberria; 2-1, 47. min: Aveldaño; 2-2, 53. min: Santamaria; 2-3, 67. min; Vesga.

Epailea: Cordero Vega.

rdero Vega.

Albisteak (3)

Bideoak (1)