Itxi

Bilduta

Gurpegi (Athletic): "Orbaizek barkamena eskatu du aldagelan"

Haritz Gallastegi

Lezama

Andosillako erdilariak Orbaizek taldean duen garrantzia azpimarratu gura izan du.

Ez da ohikoa hilabete baten buruan jokalari batek birritan ikustea txartel gorri zuzena. Are eta ezohikoagoa da ekintza horien protagonista Pablo Orbaiz izatea. Jakinekoa da bere kirol ibilbide luzean jokalari lasaia eta zentzuduna izan dela erdilari nafarra. Oso gutxitan kanporatu dute zelai barruan txarto jokatzearren. Ba, azken hilabetean bi akats larri egin ditu. Zale eta aditu asko harrituta daude Athleticeko kapitaineran jarrerarekin. Hala ere, bere taldekideek babes osoa eskaini gura izan diote. "Orbaiz atsekabetuta dago. Barkamena eskatu ditu. Berak jakin badaki ez duela zuzen jokatu, baina guk ere badakigu ez dela jokalari zikina. Guretzat taldekide garrantzitsua da", esan du Gurpegik.

Andosillakoa ez da bere taldekide eta lagunaren aldeko berbak izan dituen futbolari bakarra. Iraolak ere babes guztia eskaini dio. "Segundo baten gertatzen diren kontuak dira", esan du eskuin hegalekoak.

Egindakoetatik ikasi egiten da. Baita txarto egindakoetatik ere. Beraz, ikasi eta aurrera egin behar da. Orbaizek izango du egin dituen akatsen inguruan hausnartzeko denbora. Ezin izango du hurrengo partiden jokatu. Amorebieta ere zigortuta dago eta baja izango da Atletico Madrilen kontrako partidan. Hasiera batean Iturraspe eta Ustaritz dira euren lekuan aritzeko hautagai nagusiak.

Jokatzen duenak jokatzen duela, Vicente Calderonen hirugarren garaipena jarraian eskuratzea da zuri-gorrien asmoa. "Atleticeko Madril aurkari arriskutsua da. Onena eta txarrena egiteko gai da. Baina Bartzelona mendean hartu duen talde bakarra da", adierazi du Gurpegik.

Albisteak (1)